Haizeagatik atzeratu eta apirilean egingo dute Zeru Trukaketa proiektua
Zapatuan Berlingo zerua ikusi behar zen Gernika-Lumon, baina eguraldiak ez zuen lagundu, eta ezin izan zuten hegazkina aireratu. Hala, proiektua apirilean burutzea pentsatu dute.
Berlin eta Gernika-Lumoko zeruak batzea zen Zeru Trukaketa proiektuaren asmoa zapatuan, baina eguraldiak ez zuen lagundu, eta ezin izan zuten ekimena udalerrian burutu.
Proiektuak bakerantz bideraturiko oroimenezko kultura kontzeptua garatzea zuen helburutzat, eta zeruan pankarta bat zabalduta Berlin eta Gernika-Lumoko herrien arteko adiskidetzea irudikatu gura zuen. Hala, baina, faktore meteorologikoek ez zutela lagundu aitortu du Andreas Schaefter Gernika Gogoratuz elkarteko kideak eta proiektuko arduradunetako batek: “Eguraldiak ez zuen lagundu, haize asko egin zuen zapatuan, eta hegazkinak ezin izan zuen aireratu Dimako aerodromoan”.
Domekako iragarpenak ere ez ziren onak, eta hori ikusita, Burgoserantz abiatu ziren. Bat-bateko erabakia izan zen, leku zabala eta haize gabekoa aurkitu behar genuelako. Hori horrela, Juanjo San Sebastian pilotoa bizi den Burgoseko herri ingurura joan ziren. Proiektuan asko lagundu du pilotuak, eta azken unean ere, Burgosera joateko aukera eman ziela gogoratu du: “Proiektuari buruz asko hitz egin dugu elkarregaz, eta hegaldien kontuagaz asko lagundu digu San Sebastianek. Hala, Burgosen berak daukan etxe ingurura joan ginen, eta handik pankarta zabaltzea lortu genuen”. Hala ere, hegazkinak ezin izan zuen behar besteko altitudera igo, eta pankarta jaurti behar izan zuten.
Bonbardaketaren ekitaldietan. Domekan Burgosen saiatu ziren arren, proiektua Gernika-Lumon burutzekoa zen, eta hala egingo dute 2020ko apirilean.
Bonbardaketaren urteurrenaren harira, apirilaren erdialdean egitea pentsatu dute arduradunek: “Bonbardaketaren urteurrenean beste saiakera bat egitea pentsatu dugu. Seguruena ez da apirilaren 26an bertan izango, baina bonbardaketaren egitarauaren barruan sartzeko asmoa dugu”. Izan ere, asko dira apirilean udalerrian burutzen diren ekintzak, eta bonbardaketaren urteurrenean asko dira ekitaldiak. Hala, bonbardaketari buruzko ekintzak apirilean zehar banatzeko asmoagaz, eguna heldu ahala erabakiko dutela aitortu du Schaefterrek, “eguraldiaren menpe dagoelako”.