Zaleen indarra goraipatuz aurkeztu du Lointek Gernikak 2019-2020 denboraldia
Gernika-Lumoko Batzar Etxean egin dute aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan dira Gerardo Candina presidentea eta Ana Hormaetxe zinegotzia. 11 jokalarik osatzen dute talde eta Euskal Kopa herrira ekartzeaz gain, Dia Ligan lehen sei postuetan mantenztea eta Eurokopako lehen fasea gainditzea dute helburu.
Lointek Gernika Bizkaiak 2019-2020 denboraldiko aurkezpena egin du eguerdian, Gernika-Lumoko Batzar Etxean. Mareak garamatzan lekura lelopean, zaletuengan jarri dute saskibaloi taldeko ordezkariek fokua, kantxara jarraitzaileei emaitza onak emateko ilusioz irtengo direla azpimarratuz. “Maloste beti beteta egoten da, eta Erreginaren Kopara zein Open Day-ra gu animatzera joaten dira zaleak. Hortxe dago aurtengo lema, eta lema hori da guk sentitzen duguna. Beraiek ematen diguten indarra ikaragarria da”, onartu du Naiara Diez taldeko kapitainak.
Gerardo Candina Gernika KESBeko presidenteak bi helburu zehaztu ditu, azken bost denboraldietan bezala, Dia Ligako lehen sei postuetan mantentzea, batetik; eta Eurokopako lehen fasea gainditzea, bestetik. Horretarako, “aurredenboraldian jada poztasunak ematen ari zaigun taldea osatu” dutela ohartarazi du: “Ligan, batez ere, talde eta proiektu oso indartsuak sortzen ari dira, baina erronkei aurre egiteko prest gaude”.
Ana Hormaetxe zinegotzia izan da udaleko ordezkaria aurkezpen ekitaldian, eta besteak beste, Gernika-Lumo “bakea eta eskubideen hiria” izateaz gain, udalerriak kirol arloan hartu duen presentzia nabarmendu du: “Estatuan eta Europan, Gernika entzuterakoan, lehen mailako emakumezkoen saskibaloi taldea datorkigu burura, Lointek Gernika Bizkaia. Kirol arloan emakumezkoen presentzia eta parte hartzea berandu eta zailtasun handiak gainditu ostean etorri da, baina gure kasuan, Gernika eta emakumea eskutik doaz”. Jokalari eta taldeko arduradunengana zuzenduz, “gure mugetatik kanpo” herria ordezkatzen dutela gogoratu die, herritarrak beraien lanaz “oso harro” daudela gehituz.
Erronka nagusiak. Asteburuan dute Lointek Gernika taldeko neskek denboraldiko lehen erronka, Euskal Kopa. Azken bi urteetan Araskiren kontra galdu eta gero, Mario Lopezek aurten “kopa herrira ekartzeko” asmoa daukala aurreratu du: “Euskal Kopa hiru aldiz jarraian irabazteko gai izan gara iraganean, baina azken urteetan ezin izan dugu helburua lortu. Txapelketa berriz irabazteko ilusioa daukagu. Hala ere, ezin dugu ahaztu liga hasierak duela lehentasuna, eta gure nesken egoera fisikoa ondo kudeatu behar dugula. Zaragozan egingo den Open Day-a dugu begiz-jota”.
Taldeko beteranoa den Diezek ere asteburuko txapelketa nabarmendu du, titulu guztiak ongietorriak direla aipatuz. Hala, partidu zailak izango direla esan du: “Badakigu Dia Ligako hiru euskal taldeek maila oso ona daukatela, eta edozeinek irabaz dezakeela. Gure lehenengo partidua oso gogorra izango da, derbiak beti izaten baitira irabazten zailak”. Aurredenboraliaren azken txanpan egonik, jokalariak “ahalik eta maila onenean jartzeko aprobetxatu behar” dutela esan du, “liga hasteko gutxi falta baita”.
Eurokopako lehen jardunaldia, bestalde, urriaren 17an izango du Lointek Gernika Bizkaiak, Salamancan, eta “ahalik eta irudi onena eman nahi” dutela dio Itziar Ariztimuño taldeko jokalari bizkaitarrak. Helburua lehen fasea igarotzea dute, eta Lopezek ere hala eman du jakitera: “Multzo zaila egokitu zaigu, baina aurrera egiteko ideia barneratuta daukagu. CB Avenida da faborito nagusia, eta gu bigarren izateko borrokatuko gara”.
Aurredenboraldi laburra. Aurredenboraldian egindako lana azpimarratu du entrenatzaileak, “laburra baina intentxoa” izaten ari dela aipatuz: “Irailaren 1ean hasi ginen lanean, baina badakigu gainerako taldeek hamar edo hamabost egun lehenago ekin ziotela entrenamenduei. Denbora gutxian aurrerapauso handiak eman ditugu eta egindako lanarekin oso pozik gaude”.
2018-2019 denboraldian izandako sei jokalari dituzte aurten taldean, eta fitxaketa berriekin aurretiaz ere hartu-emana izanda duela esan du Lopezek. Guztira 11 neskek (iaz baino bat gehiagok) osatzen dute taldea, eta harrobiko beste hiru izango dituzte lehen taldearekin entrenatzen: “Lesioak suertatuz gero edo beraien beharra izanez gero partidu ofizialetan ere jokatuko dute”.
Aurreko denboraldian ia jokatzerik ez zuen izan Juana Molina ere prest dago. Hirugarren denboraldia izango du Gernika-Lumon, eta gainditu berri duen lesioaz mintzatu da: “Errekuperazioa oso ondo joan da. Uda osoa eman dut lanean eta irailean taldearekin entrenatzen hasi naiz. Lagunarteko partiduak ere jokatu ditut eta belaunak ez dit minik ematen”.
Liga hasteko gogoarekin, ilusioz hitz egin du taldeak beragan erakutsi duen konfiantzaz: “Lehen momentutik argi utzi didate taldean nahi nautela, eta ni pozez zoratzen nago”. Erronka pertsonala “berriz jokatu ahal izatea” zuen, izan ere, bere bigarren lesio larria izan da: “Jada jokatzeko gai naizela ikustea opari bat da niretzat, aurreko denboraldia oso gogorra izan baitzen”.
Itziar Ariztimuño, bestalde, taldeko jokalari gazteena da. Bigarren urtez ariko da Lointek Gernika Bizkaian, eta bere helburua gogor entrenatzea eta egindako lanak kantxan oihartzuna edukitzea da. “Ahal dudan guztia eman nahi diot taldeari. Pixkanaka-pixkanaka hobetzen noala sentitzen dut, pausotxoak ematen nabilela. Egunez egun ari naiz lanean, izan ere, bide luzea dut oraindik, eta gainerako nesken zein prestatzaileen laguntza eskertu nahi dut”.
Jokoari dagokionez, liga hasi aurreko partiduetan erakutsitako “joko alaiak zaletuek disfruta eta ilusioa izan dezaten balio izan du”, Diezek adierazi bezala: “Emandako mailarekin Malosteko jendea pozik dabilela ikusi dugu”.