Gautegiz Arteagako udal ikastaroetan izena emateko azken eguna da irailaren 25a
2019-2020 ikasturtean ikastaroetan parte hartuko duten herritarrek eskaintza zabal izango dute aukeran, eta horietan izena emateko azken eguna da irailaren 25a.
Herriko bizitza sozio kulturala dinamizatzeko eta aisialdi, kirol eta kulturazko jarduerak herritarrei eskeintzeko asmoz, Gautegiz Arteagako Udalak udal ikastaroak jarri ditu martxan beste urte batez. Horietan izena emateko epea irailaren 25era artekoa izango da.
Juan Felix Naberan herriko alkatearen berbetan, herritarren eskaeretara egokitzen saiatu dira: “Beste urte batez ikastaroak herritarren beharrizanetara egokitzen saiatu gara, gustu eta adin guztientzako. Biztanleen prestakuntzan eta hazkuntzan eragin gura izan dugu”.
Hala, 2019-2020 ikasturtean ikastaroetan parte hartuko duten herritarrek eskaintza zabala izango dute aukeran. Umeentzako ingeleseko klaseak martitzen eta eguenetan emango dituzte, 16:30ean hasita. Umeentzako zirkuko klaseak martitzenetan izango dira 17:00etan eta 18:00etan.
Herriko abesbatzan kantatu gura duenak, berriz, martitzenetan 20:00etan izango du hori egiteko aukera. Eta jostea gustuko dutenak, berriz, eguaztenetan 18:00etan elkartuko dira Kultur Etxean.
Kirolari dagokionez, hainbat aukera izango dituzte gautegiz arteagatarrek. Pilateseko klaseak martitzen eta eguenetan emango dituzte; 17:45etik 18:45era edota 18:45etik 19:45era. Mantenuko ariketak eta yoga astelehen eta eguaztenetan izango dira 17:00etan eta 18:15ean hurrenez hurren. Eta zumbako klaseak, berriz, astelehenetan 18:30ean eta eguaztenetan 17:30ean egingo dituzte.
Gutxieneko parte hartzea. Udal arduradunek zehaztu dutenez, ikastaroak egin ahal izateko gutxienez zortzi ikasleren izen ematea nahitaezkoa izango da ikastaro horiek aurrera eramateko. Saioak urritik maiatzera artekoak izango direla zehaztu dute gainera.
Udalerriko ikastaroetan parte hartu gura dutenek Kultur Etxean eska dezakete izena emateko orria, baita udalaren webgunean ere: www.gautegizarteaga.com.