Diskoak argitaratzeko diru laguntzak eskainiko ditu Kultur Etxeak, beste behin
Gernika-Lumoko musika taldeei zuzendutako diru laguntzak eskeiniko ditu bigarrenez, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak. Udalerriko sormena bultzatu gura dute ekimenagaz, eta laguntzak eskatzeko azken eguna urriaren 18a dela jakinarazi dute.
Musika ekoizpena bultzatzeko Gernika-Lumoko taldeei bideratutako 3.000 euroko diru laguntzak eskainiko ditu Kultur Etxeak bigarren urtez jarraian; iaz bost proposamen aurkeztu zituzten. Ohiko laguntzetatik aparte ematen den zerbitzua dela gogoratu dute arduradunek.
Udalerrian 20 bat musika talde daudela gogorarazi dute gainera, “amateurrak zein profesionalak”. Halaber, abesbatzak, trikitilariak, txistulariak, bandak zein bakarkako hainbat abeslari ere badaudela esan dute. Hain zuzen, esparru horretara zuzendutako musikarientzako da Kultur Etxeak eskainitako diru laguntza. Izan ere, diskoak grabatzea izaten da askotan taldeen helburu nagusia, eta diskoak argitaratzeko orduan zailtasun tekniko eta ekonomiak edukitzen dituzte.
Herriko sormena ere bultzatu gura dute: “Sormenari eta kulturari susperraldia ematea da diru laguntzen asmoa. Gainera, tokiko musika taldeei ere lagunduko zaie eta adierazpen berriei ateak irekiko zaizkie”.
Laguntzak eskatzeko ezinbestekoak. Gernika-Lumoko taldeen zabalkundea eta sorkuntza denez ekimenaren helburu nagusia, taldeko kideen %50 Gernika-Lumon erroldatua egotea, edota bertoko musika guneetako batekin harremana izatea eskatuko dutela adierazi dute -Iparragirre Rock Elkartea, Trinkete edota udalerriko musika eskolak dira gune horietako batzuk-.
Gainera, aurten diskoak argitaratu dituzten edota argitaratzera doazen taldeei emango zaiela laguntza adierazi dute. Eskaerak bete eta arauak betetzen dituzten guztien artean banatuko da finkatutako kopurua.
Horiez gain, badaude normalean eskatzen diren administrazio baldintzak ere. Kultur Etxean aurki daitekeen eskaera orri bat bete beharko dute, eta horregaz batera, besteren artean NANa, bankuko zenbakia eta diskoa editatu den agiria aurkeztu beharko dituzte. Eskaera hori, urriaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dute.
Gainera, oraindik eguna zehaztu gabe dagoen arren, taldeek ongintzako kontzertua eman beharko dute 2020ko uztailean Seber Altube auditorioan.