Hegalaburraren iraunkortasunaren aldeko Bermeo Tuna Tagging Challenge ekimena egingo dute asteburuan
Bermeo Tuna World Capital proiektuaren barnean dagoen egitasmoa egiten duten bigarren aldia da. Arrantza jasangarria sustatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko hainbat jarduera egingo dituzte.
Arrantza eta zientzia bateratzen dituen Bermeo Tuna Tagging Challenge ekimena bueltan da bigarren urtez. Barikutik domekara arte, Bizkaiko golkoko hegalaburraren arrantza jasangarriaren aldeko hainbat jarduera egongo dira Bermeoko portuan.
Horien arteko jarduera nagusia ekimenari izena ematen dion Tuna Tagging Challenge delakoa izango da, hau da, hegalaburra markatzeko erronka. Kirol arrantza eta ezagutza zientifikoa batzen ditu Bermeo Tuna World Capital aliantzak antolatutako erronkak. Horrekin batera, arrantza espezieen iraunkortasunari buruzko hitzaldiak edota umeentzako tailerrak egingo dituzte.
Aritz Abaroa Bermeoko alkatea, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria, Ignasi Ferrer Seastainable Ventureseko zuzendaria eta Iñigo Onandia Aztiko tunidoen aditua elkartu dira gaur goizean Arrantzaleen Museoan ekimena aurkezteko.
Aurtengo ekimenean 15 itsasontzik parte hartuko dute, iaz baino sei ontzi gehiagok. Beraien lana hegalaburrak harrapatu, markatu, eta ostean askatzea izango da probak iraungo duen denbora tartean. Ferrer-ek azaldu duenez guztira herrialde desberdinetako 50 bat arrantzale ariko dira lan hori egiten: “Frantziako edota Holandako arrantzaleak egongo dira, esate baterako”.
Arrantzaleek zapatu goizean egingo dute lehen irtenaldia. 09:00etan portutik suziria jaurtitzen duten unean irtengo dira, eta arrantzan emango dute 19:30ak arte. Egun osoan Aztiko ikertzaileen laguntza edukiko dute hegalaburrak markatzeko orduan; arrain bakoitza arrantzatzerakoan talde zientifikoari irratiz abisatzera derrigortuta egongo dira partaideak. Era horretara arau guztiak bete eta arrainak era egoki batean markatzen direla ziurtatuko dute, itsasora horiei minik egin barik itzultzen direla ikusita.
Iluntzean afariagaz batera parte hartzaileei egindako lanari eta arrantza jasangarriari buruzko hitzaldia emango diete. Horrez gain arrain gehien markatu dituen taldeari eta arrain handiena markatu duen arrantzaleari aipamena egingo diete. Domekan berriz irtengo dira arrantzaleak, 09:00etik 14:00etara bitartean lan berdina egiteko.
Markagailu elektronikoak. Partaideek arrainak markatzeko erabilitako tresneria ez da ohikoa izango. Ekimenak markaketa elektronikoa erabiliko du, markaketa arruntagaz osatzeagaz batera. Onandiak markagailuen funtzionamenduaren berri eman du. Erronkan elektronikoki markatzeko bi tresna desberdin erabiliko dituzte, hegalaburraren tamainaren araberakoak.
Pop-up izeneko markagailua behin arrainari jarrita, minuturo hainbat datu hartzen doa. Egunsentia eta ilunabarra detektatzen ditu itsas hondotik, eta horien arabera hegalaburraren kokalekua kalkulatzen du. Arrainetik askatzean, itsas azalera igo eta hortik bildutako datuak satelite bidez bidaltzen dizkio ikertzaileei.
Arrain txikienentzako erabiliko dituzten markagailuek kirurgia egitea eskatzen dute: markagailua arrainaren barnean sartzen dute datu berberak lortzeko. Ostean, arraina berriz harrapatu beharra dago, horiek ez baitira askatzen.
Horren bidez Aztiko ikerlariek satelite bidez hegalaburraren jarraipen zehatza egin ahal izango dute, Bizkaiko golkoan duten portaera ikertzeko. Lortutako datuek hegalaburraren egitura “hobeto ezagutzeko” balioko dute eta aldi berean horien kudeaketa iraunkorra hobetzea ahalbideratuko dute.
Gainera halako ekintzekin aisialdirako arrantzaren zaleen artean dinamika berria ezartzea gura dute antolatzaileek, Ferrer-en berbetan. “Arraina hil beharrean, harrapatu eta horiek askatzeko ohitura zabaldu nahi dugu. Gainera horiei minik egin gabe arrantzan aritzea ere posible da amu berezi batzuen bitartez”.
Kontzientziazioa. Arrantzaleekin batera herritarrei zuzendutako ekimena izanik, Bermeoko olatuaren eskulturaren ondoan informazio gunea ere egongo da asteburuan. Zapatu goizetik hasita “BTWCen jardueraren gaineko eta markaketak arrantza espezieen iraunkortasuna babesteko modu gisa duen garrantziaren gaineko informazioa” proiektatuko dute bertan.
Horrekin batera zapatuan eta domekan 11:30etik aurrera umeentzako tailerrak egingo dituzte. Tailerrekin umeek arrantza modu berriak ezagutzea gura dute. “Ezagutzen dugun hori maitatzen ikasten dugu, eta maitatzen duguna zaindu egiten dugu”, adierazi du Ferrer-ek.
Azkueren berbetan, BTWCen “ikur garrantzitsuena” arrantza jasangarriaren alde egindako lana da. Hori gauzatu ahal izateko ezagutza zientifikoa beharrezkoa dela azpimarratu du, asteburuko erronkaren helburua hain zuzen ere. “Badakigu hegalaburraren arrantzaren mugara heltzen ari gara, eta arrantzaleei oso zaila egingo zaie gehiago arrantzatzea. Beraz gure lana iraunkortasuna lortzera bideratu behar dugu, horrek arrantzaren kudeaketa egokia bermatuko baitu”.
Udalaren aldetik ekimenak duen garrantzia azpimarratu du Abaroak; “ekimen honen eta bere inguruan sortzen diren ekimenen aldeko apustu sendoa egiten dugu”. BTWC proiektuaren helburu nagusiak “Bermeoko nortasuna, egiteko forma propioa eta iraunkortasuna balioan jartzea” direla aldarrikatu du, eta asteburuan egingo duten ekimenak bide hori jarraitzen duela.
“Gure herriak hegalaburraren arrantzagaz duen loturari eutsiz eta aisialdirako jarduerak eta jarduera profesionalak uztartuz iraunkortasuna bermatzeko ekintza da erronka hau. Bermeo itsasoa izan da, Bermeo itsasoa da eta Bermeo itsasoa izango da”.
Horren harira, itsas ondare eta nortasun “propioa” duen herri bezala izendatu du Bermeo. Hegalaburraren balio kate osoak Bermeon lekua hartzen duela azpimarratu du Abaroak; “hegalaburra arrantzatzetik, hegalaburraren produktuak landu eta horien salmenta kate osoa dugu Bermeon”. Horrek mundu mailan “erreferente” izatera eraman du Bermeo: hegalaburraren “nazioarteko arrantza kotaren %10a” Bermeoko ontziek arrantzatzen dute; gainera, ontzi horiek arrantza iraunkorraren alde jarduten dutela adierazi du Abaroak.
Lan hori ezagutzera eman eta jasangarritasunaren alde egiten ari diren erakunde eta enpresei eskerrak eman dizkie Bermeoko alkateak.