90 gidarik lehiatuko dute Arratzuko Enduroan
Domekan 10:00etan hasiko dituzte sei kategoriatan banatutako lasterketak. Proba Euskadiko txapelketarako puntuagarria da.
Arratzuko Enduroa beste urte batez herriko inguruak motor hotsagaz betetzera dator. Gernika Off-Road taldeak Arratzuko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatutako lasterketa domeka arratsaldean lehiatuko dute.
Gernika Off-Roadeko ordezkariek azaldu dutenez, lasterketa Euskadiko txapelketetarako puntuagarria izango da. Txapelketa osatzen duten bost probetatik laugarrena izango da Arratzukoa.
Aurtongo proba sei kategoria desberdinetan banatuta egongo da. Izena eman duten 90 parte hartzaileak 23 urtez azpikoen txapelketan eta kopan, absolutu kategoriako txapelketan eta kopan, beteranoetan eta amateurretan banatuta daude.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Borja Nieto balmasedarra da lasterketa irabazteko faborito nagusia. Nietok joan den urteko lasterketa irabazi zuen, eta aurton ere berdina egiteko aukera handiak ditu.
Hainbat izango dira Gernika Off-Road taldetik parte hartzera joango diren motor gidariak. Etxeko partaideei dagokienez, Markel Barainka bedarutarrak, Ioritz Urriolabeitia Jose Ramon Betanzos muxikarrek eta Aitor Gabiola markina-xemeindarrak lehiatuko dute domekako Enduroa.
Barainkak 23 urtez azpikoen txapelketan lehiatuko du, eta Urriolabeitiak, Betanzosek eta Gabiolak 23 urtez azpikoen kopan parte hartuko dute. Azkenik, Peru Irazola elorriotarrak Gernika Off-Road lizentziagaz parte hartuko du.
Lasterketa. Motorrek 28 kilometroko luzera duen ibilbidean hiru buelta eman beharko dituzte. Horrez gain erlojupeko hiru ibilbide ere egin beharko dituzte.
Gidariak goizetik batuko dira udaletxe ondoan. 08:00etatik 09:30era egiaztapenak egingo dituzte. Lasterketak 10:00etatik 14:00etara lehiatuko dituzte eta amaitzeko, 15:00ak aldera sariak banatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.