Santakurtze berezi bezain biziak ospatu dituzte Ariatzan eta Bizkaiganen
Jon Lopategi omendu zuten atzo Bizkaiganeko bertso saioan, eta urtero moduko makailao janean batu ziren Ariatzako bizilagunak. Jai parte hartzaileak ospatzen dabiltza Ariatzako bizilagunak.
Udako azken egunak jai giroz bete dituzte Santa Kurtze jaiek. Ariatzako eta Bizkaiganeko bizilagunek biziz jantzi zituzten inguruko txokoak, eta elkarregaz jai “giro bikainean” igaro zuten asteburua.
Atzo, mezan batu ziren errigoitiarrak, eta ostean Bizkaiganeko ermita inguruan egindako bertso saioak girotu zuen eguerdia. Areitio, Julenpo, Txiplas eta Etxahun Azkarraga izan ziren bertsoak botatzeaz arduratu zirenak, eta Jon Lopategiri omenaldia egin zioten. Izan ere, bere irudia zuten kamisetak jantzita gogoratu zuten bertsolaria. Hala zioen Txispasek botatako bertsoak: Lopategigaz egon nintzan ni, lehenengo aldiz kantari. Omenaldi bat egin gurako genzkio hemen berari. Niretzat eta askotrentzako maisu handia izan zanari, ezaguna zan gure Jon Baltza, Lopategi handiari.
Aintzane Arrien Errigoitiko alkateak gogoratu duenez, Santa Kurtze jaiak Bizkaiganen ospatzen hasi ziren lehenengo aldietan abestu zuen Lopategik bertan: “Aspaldi egun horretan abestu zuen Lopategik. Bertan bertsoak bota zituen lehenengotariko bertsolaria izan zela uste dut”.
Bertso saioa bukatuta, Bizkaiganera hurbildutakoek elkarregaz bazkaldu zuten zelaian: “Aurten euria hasi zen eta nahiko bizkor batu behar izan genuen mahaia, baina Ardi Txakurren erakusketagaz jarraitu genuen”.
Txapelketak. Arratsaldean, berriz, lasaitasuna alde batera utzi, eta Ardi Txakur Txapelketak hartu zuen protagonismoa. Lau abeltzainek parte hartu zuten, eta Itziar Amezaga izan zen garailea. Xarpa txakurragaz lehiatu eta irabazi zuen. Txapelketan Amaia Ondarzak ere parte hartu zuen Zuma txakurragaz eta bigarren sailkatu zen. Aitor Urien Jak txakurragaz aritu zen, eta Azkorbe, berriz, Sorgin txakurragaz.
Arrienen berbetan, txapelketa “oso polita” izan zen, eta jendea erakarri zuela aitatu du: “Arrakastatsua izan zen, oso ondo irten zen eta oso pozik gaude”. Aurten, lehen aldiz, saio parekidea egitea lortu dute. Bi emakume eta bi gizonezko izan dira artzai lanetan aritu direnak, eta denek ala denek lan polita egin dutela uste du alkateak: “Abeltzainena gizonezkoen esparrua dela esan ohi da askotan. Baina saio parekidea egin gura genuen eta lortu dugu. Bidea zabaltzea izan da gure helburua, emakumeei ere duten lekua ematea”. Hala, aurrerantzean artxai txakurren txapelketetan emakume gehiago ikustea gustatuko litzaioke.
Ariatzako bizilagunek ere eduki zuten zer ospatu asteburuan. Bariku iluntzean pregoia irakurri eta bezperadan hutsik egiten ez duen makailao jana eta porra txapelketa eduki zuten. Jendetza batu zen Ariatzako txokoan. Zapatuan, berriz, pintxopotean egin eta herri bazkarian elkartu ziren. Briska txapelketa jokatu zuten gero, eta erromeriak musikatu zuen gaua.
Ariatzako bizilagunek, baina, asteburuan ere ospakizunekin jarraituko dute. Izan ere, zapatua mozorro eguna izango dute. Herriko kuadrillen arteko paella txapelketa lehiatuko dute lehenengo, eta Asier Galarzaren, Julen Ibarguengoitiaren eta Onintza Enbeitaren bertsoekin gozatuko dute gero. Domekan ere, Saragiaren hileta antzezten dutenak euren mozorroak atera beharko dituzte berriro. Urtero antzezlan bat antzezten dute, baina azken unera arte ez dute antzezlanaren sekretua kontatzen.