Portugaleteko bandera irabazita amaitu du denboraldia Urdaibaik
Eusko Label Ligaren azken estropadako azkarrena izan da talde bermeotarra. Orio da ligako txapelduna, eta play off-etan Aresek eta Zarautzek lortu dute TKE Liga lehiatzeko txartela. Orioko taldeak irabazi du Bermeoko Bandera, liga matematikoki irabaziz.
Asteburuan amaitu dute Eusko Label Liga. Atzo Portugaleten jokatutako XLV El Corte Ingles Bandera irabazita agurtu du denboraldia Urdaibaik; aurten ligan irabazi duen bandera bakarra. Azken urteetakoekin alderatuz, denboraldi zaila izan da talde bermetoarrarentzat. Ez zuen denboraldia ondo hasi, eta gero behetik gora joan bada ere, ez du nabarmentzerik lortu.
Oriok historia egin du denboraldi honetan. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan liga irabazi du; lehen ligak dira klubarentzat. Hain zuzen, gizonezkoen taldeak, zapatu arratsaldean Bermeoko estropada irabazita lortu zuen matematikoki liga garaipena.
Denboraldiko azken jardunaldian iritsi zaio zoriona Urdaibairi. Lehenengo txandako denborarik onena ezarri zuen talde bermeotarrak (19:09,34) atzo, eta faboritoak jarraian uretaratu baziren ere, beste inork ezin izan zuen Bou Bizkaia trainerua garaitu. Bigarren Ondarroa sailkatu zen ia sei segundotara, eta hirugarrena izan zen Hondarribia ia hemeretzi segundora.
Uztailaren 17an Bizkaiko Traineru Txapelketa hamabigarren aldiz irabazi eta entrenatzaile aldaketaren ostean, bazirudien talde bermeotarrak denboraldi hasiera kaxkarra irauliko zuela. Amorerik eman ez eta, azken jardunaldian eskuratu du ekainaz geroztik lortu ezinda ibili den ligako lehen bandera. Ondarroa, Donostiarra eta Caborekin batera kontsolazio txandan itsasoratu ziren Urdaibaiko arraunlariak atzo, eta lehen luzean izan ezik, txandako azkarrenak izan ziren. Ondarroak talde bermeotarrak ezarritako erritmoari eutsi bazion ere azken ziabogan huts egin zuen.
Ohorezko txandan aldiz, Hondarribia (19:24,50) izan zen azkarrena, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Portugaleten. Ligako txapeldunak (19:43,62) lasai hartu zuen eguna, txandako denborarik txarrena ezarri baitzuen, eta estropadan ere Cabo (20:14,04) bakarrik izan zuen atzetik.
Sailkapenak. Oriok zapatuan bermatu zuen matematikoki CaixaBank Koroa baina ikusteke zegoen sailkapen orokorrak azken uneko aldaketaren bat jasoko zuen edo ez. XLV El Corte Ingles Banderaren ostean 213 punturekin bukatu du txapeldunak denboraldia, eta Hondarribia (201 puntu) eta Santurtzi (196 puntu) izan ditu atzetik. Zierbena izan da laugarrena (181 puntu) eta Urdaibai bosgarrena (169). Ondarroak Sestaoko Banderan bi postu aurreratu eta gero, denboraldiko bigarren zatian indartsu arituta zazpigarren (116) mantentzea lortu du. Cabok 100 punturekin zortzigarren amaitu du liga eta Lekittarak 47 punturekin bederatzigarren. Datorren denboraldian TKEn izango ez diren San Pedro eta Astillero izan dira azken bi sailkatuak, 37na punturekin.
Patroi onenaren sailkapenari dagokionez, Donostiarra taldeko Arkaitz Diaz (19 puntu) izan da garailea, Zierbenako Borja Gomez(11 puntu) eta Lekittarrako Iñaki Goikoetxea (9 puntu) izan dira bigarren eta hirugarrenak. Urdaibaiko Eneko Bilbaok (7 puntu) bosgarren postuan bukatu du denboraldia, eta talde bereko Lur Uribarrenek (4 puntu) hamargarren. Ondarroako Jenaro Zelaia (6 puntu) zazpigarren izan da.
Ares eta Zarautz, TKE ligara. Play off-etako bigarren jardunaldia lehiatu zuten San Pedrok, Tiranek, Zarautzek, Aresek eta Deustok. Astillero matematikoi mailaz jaitsita, Eusko Label Ligan mantentzeko asmoz irten zen San Pedro uretara, eta mailaz igotzeko aukera baliatu nahi izan zuten gainerakoek. Bermeoko Banderan abantaila eskuratu ostean Portugaleten lehen bi postuetan sailkatuta berretsi egin zuten Zarautzek (19:48,58) eta Aresek (19:51,04) datorren denboraldian TKEn izango direla. Tiran izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 12,68 segundotara, eta Deusto laugarrena 16,98 segundotara. San Pedro azkena izan zen eta ezin izan zion mailari eutsi.
Bermeoko bandera, zapatuan. Sari bikoitza jaso zuen Oriok zapatuan [irailak 14]. Bermeo Hiriko XXXVII. Bandera – Avia Sari Nagusia irabazita Eusko Label Ligako txapeldun bilakatu zen matematikoki, historian lehen aldiz. Aurten gainera, EuskoTren Ligan ere nagusi izan dira. Horrez gain, Donostiarrako Arkaitz Diazek patroi onenaren sailkapena ziurtatu zuen.
CaixaBank Koroa irabazteko azken puntu sortaren bila irten zen Orio (19:43,66) Bermeoko itsasora, eta hala egin zuen. Hondarribiak (19:46,50) estu hartu zuen hasiera-hasieratik, eta lehen luzean aurretik izan bazuen ere Oriok hobeto neurtu zituen indarrak. Hirugarren luzean segundoko tartea atera zion aurkariari eta laugarrenean handituz joan zen bien arteko distantzia. Hirugarren postuan Santurtzi sailkatu zen, irabazlearengandik 4,74 segundotara, eta Zierbenak estropada kaxkarra egin zuen, helmugan 33 segundo galdu baitzituen.
Lehenengo txandan aritu zen Urdaibai (19:51,06), eta indar erakustaldi paregabea eskaini zuen. Etxeko taldeak lehen txandan ezarritako denborak estropadan laugarren izateko balio izan zion, zaletuen poztasunerako. Luze bakoitzean are eta tarte handiagoa sartuz, bosgarren egin zuen Donostiarrari 14,20 segundo atera zizkion bukaeran, 21,46 segundo seigarrena izan zen Ondarroari eta 44,90 segundo azkenari, Cabori.
Play off-etako lehen jardunaldia ere lehiatu zuten Bermeon. Lehen bost puntuak Aresentzako (20:12,52) izan ziren, eta Zarautz izan zen bigarrena 3 segundotara. Deusto Bilbao hirugarren sailkatu zen sei segundotara, eta San Pedro eta Tiranek itxi zuten txanda.