Sukalki Egunean 111 kazola aurkeztu dituzte Bermeon
44. Sukalki Eguna ospatu dute aurten, eta 111 kazola aurkeztu dituzte bertan. Denetan gozoena, baina, 113. zenbakiduna izan da.
Jaietan murgilduta dabiltza bermeotarrak. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak azken txanpan sartu dira, baina ospakizunek ez dute etenik kostako herrian. Gaur, eguraldia lagun, giro bikaina nagusitu da Talan, eta bermeotarrak lagun artean igaro dute eguerdia.
44. Sukalki Eguna izan da aurtengoa, eta guztira 111 kazola aurkeztu dituzte, iaz baino zazpi kazola gehiago: “40 urte daramatzagu sukalkia antolatzen, eta 300 kazola aurkezten zituzten urteak ere ezagutu ditugu. Azken hamar urteetan, baina, 100 kazolatik 120 kazola ingurura aurkeztu dituzte bermeotarrek, eta tarte horretan gabiltza aurten ere”.
Goizetik hasi dira Talako txoko guztiak betetzen herritarrak, eta eguerdira artean bete-bete egin dute Bermeoko Tala. Goiztiarrenak goizeko 05:00etan bertaratu direla jakinarazi dute antolatzaileek. Apurka-apurka piztu dituzte suak, eta okelaz eta patataz egindako gisatua prestatzen hasi dira kuadrillak. Gazte zein nagusiak batu dira bertan, eta usain gozoz bete dute tokia.
Batzuk beste batzuk baino lan gehiago egin dute, eta guztietan sukalki gozoena egin du 113 zenbakiko taldeak, Lau Haizetara izeneko kazola nagusitu da. Bigarren saria jaso du 105 zenbakidun kazolak (Harategi baserri) eta hirugarrena izan da 111. kazola (Ez dakigu hobeto egiten). Sukaldari gazteek ere saria jasotzen dute Sukalki Egunean, eta gaur 10. zenbakiduna izan da onena.
Sukalki Eguna berezia izaten da bermeotarrentzat, txapelketa bat baino askoz gehiago da. Herritik sortutako jaia, eta hala adierazi du antolatzaileetako batek: “Nik beti ezagutu izan dut Arrantzale Eguna jaietako egun garrantzitsuena bezala, eta gero Andra Mari eta Santa Eufemia eguna. Baina, gaur egun, Arrantzale Eguna eta Sukalki Eguna direla berezienak uste dut”. Azken urteetan estropadak izan dituzte lagun sukalki egunean, eta horrek ere jende gehiago hurbiltzea bultzatu duela uste du arduradunak. Hala ere, inguruko herrietan sukalki egunak duen presentziagaz alderatuta, Bermeon aurkezten diren kazola kopuruagaz “oso pozik” daude, “beste herrietan baino jendetsuagoa izaten delako”. Halaber, giro polita sortzen dela dio: “Denok elkarrekin bazkaltzen dugu, eta iluntzera bitarteko giroa egoten da, egun osoko jaia da”.
Sariak banatuta, fanfarriagaz jaitsi dira bermeotarrak herriguneraino.
Jasangarritasuna. Urtero, udalaren laguntzagaz, Eleizalde ikastolak antolatzen du txapelketa, eta hala egin du aurten ere. Gainera, iaz egin legez, antolatzaileek askotariko hondakinak biltzeko edukiontziak banatu dituzte eta horiek egoki erabiltzeko eskuorriak ere eman dituzte, “herritarrak birziklatzera gobidatuz eta animatuz”.