Bideo, eskultura eta irudietan oinarritutako margolanak ikusgai daude Kultur Etxean
Jenni Alvarado artistak azken urtean egindako lana ikusgai dago Gernika-Lumoko Kultur Etxean hilaren 23ra bitartean. Teknika akrilikoa erabilita egindako hamazazpi lan bildu ditu erakusketan.
Denbora eta inspirazioa beharrezkoak dira artistentzat. Iturri desberdinetan bilatuz aurkitzen dituzte ideiak, eta horiek lantzeko formak eta moduak askotarikoak izaten dira.
Jenni Alvarado artista bilbotarrak bideoetako fotogrametan, objektuetan zein eskulturetan oinarrituta sortu ditu azken urtean hainbat eta hainbat margolan. Horiek dira, hain zuzen, hilaren 23ra bitartean Gernika-Lumoko Kultur Etxean ikus daitezkeenak.
Pintura masterra egiten ari da Alvarado, eta master bukaerako erakusketa ikusgai jarri du udalerrian. Margolanak urte osoko bere lanaren azken ondorioak dira, eta bakoitzaren atzean dagoen sormen lan handia nabarmendu gura izan du: “Arteagaz zerikusia duten kontzeptu teorikoak lantzen ibili naiz azken urtean zehar, eta teoria horietatik ateratako ondorioak praktikan jarri ditut azkenean. Hori da erakusketan ikus daitekeena”.
Margolanak bere lanaren azken emaitzak direla dio, eta horiek bideoen eta eskulturen eragin zuzena daukatela nabarmendu du, “batak bestearekiko lotura dauka”. Bi prozesu jarraituz sortu ditu lanak. Margolan batzuk ustekabeagaz zerikusia dute, kalean zein bideoetan aurkitutako irudietan oinarrituta sortu dituelako. Beste batzuk, berriz, berak propio eraikitako eskulturetan daude oinarrituta.
Artista bakoitzak bere ikuspuntutik lantzen ditu lanak, eta inspirazio iturriak aukeratzerako unean, beste hainbat kontzeptu kanpoan uzten ditu. “Aukeratzen dituzun une eta irudiak aukeratzerakoan, beste hainbat baztertzen dituzu. Margoetan ez da prozesu hori nabaritzen, baina badago hausnarketa prozesu hori”.
17 obra ikus daitezke Kultur Etxean, bereziak denak. Ideiak objektu eta irudi jakin batzuetatik atera dituen arren, margolanetan zeukaten esanahia desagertzen dela uste du artistak: “Bideoetan gertatzen diren kontuek esanahi sinbolikoa dute, zerbaitengatik gertatzen dira. Horietan inspiratzen naiz, baina margolanetan ez da hori geratzen, materia besterik ez dira. Ez daukate esanahirik. Irudi fotografiko baten atzean hainbat esanahi aurki ditzakete ikusleek, bakoitzak berea”.
Erabilitako teknika.
Obrak teknika akrilikoa erabilita sortu ditu Alvaradok, bere margotzeko eragaz bat datorren teknika delako: “Oleoak denbora asko behar du lehortzeko, eta niri geruza baten gainean beste zizelkadak arin ematea gustatzen zait. Horregatik erabiltzen dut akrilikoa, arin lehortzen delako”. Hala ere, zenbait obretan oleoa ere erabili duela aitortu du, margoak presentzia gehiago izatea gura izan duen lanetan hain zuzen.