Aritz Martinek eta Eneritz Alkortak irabazi dute Urdaibai Kopa
187 puntu eskuratu ditu Martinek, eta 168 puntu bilduta irabazi du Alkortak. Azken probara arte lehia estua egon da gizonezkoen sailkapenean, lehenengo hiruren artean zazpi puntuko bakarrik egon da-eta. Gautegiz Arteagako lasterketa izan da Urdaibai Kopako azkena. Imanol Goñi eta Onditz Iturbe izan ziren azkarrenak. Mendi martxan ere egin zuten eta 390 pertsonek parte hartu zuten bertan.
Urdaibai Koparen lau probetatik laurak lehiatuta, Aritz Martin eta Eneritz Alkorta nagusitu dira aurtengo txapelketan.
Azken probara arte lehia estua egon da gizonezkoen sailkapenean, lehenengo hirurak zazpi puntuko tartean sailkatu baitira sailkapen orokorrean. Guztiek lehiatu dituzte lau probak (Ibarruri, Gernika-Lumo, Ea eta Gautegiz Arteaga), eta Martin izan da denetan bizkorrena. Guztira 187 puntu eskuratu ditu, eta lau puntu gutxiago bildu ditu Paul Ormaetxea bigarrenak. Unai Intxaurraga sailkatu da hirugarren, 180 puntugaz; Intxaurraga bigarrena izan zen iazko txapelketan.
Emakumezkoen sailkapenari dagokionez, tarte zabalagoak egon dira sailkapen orokorrean. Alkorta izan da lau probak lehiatu dituen bakarra, eta 168 puntugaz nagusitu da. Bigarren geratu da Garazi Sampedro 147 puntugaz, eta Elixabete Gonzalezek osatu du aurtengo podiuma, 138 puntugaz; Sampedro eta Gonzalezek hiru proba lehiatu dituzte.
Lau mendi lasterketak osatu dute aurtengo txapelketa, eta atzo Gautegiz Arteagan lehiatu zuten azken proba.
Gautegiz Arteagako proba. Gautegiz Arteagako 17 kilometroko lasterketa 77 korrikalarik lehiatu zuten, eta Imanol Goñi izan zen denetan azkarrena. Guztira ordubete, 24 minutu eta 5 segunduko marka egin zuen, eta bi minutu eta 30 segunduko tartea atera zion bigarrenn iritsi zen Javier Goitiari. Hirugarrena izan zen Paul Ormaetxea, Goñirengandik sei minutu eta 25 segundora. Urdaibai Kopako irabazlea, berriz, bosgarren iritsi zen; ordubete 32 minutu eta 58 segundo behar izan zituen proba bukatzeko.
Nesketan, berriz, Onditz Iturbe izan zen garailea. Ordubete, 47 minutu eta 27 segundoko marka egin zuen, eta handik eta bi minutu eta 40 segundora iritsi zen Garazi Sampedro, bigarrena. Araitz Irazu izan zen hirugarrena; bi ordu eta 39 segundo markatu zituen helmugan.
Eguraldi makurrari aurre egin, eta 490 parte hartzailek parte hartu zuten mendi martxan. “Goizean euria egin zuen, eta jende ez zela animatuko pentsatu genuen. Hala ere, azkenean 390 lagun inguru batu ginen”, adierazi dute antolatzaileek. Halaber, ibilbidea bustita egonda ere, parte hartzaileen gustukoa izan zela aitortu, eta herrian giro “ederra” egon zela azpimarratu dute arduradunek.
Hurrengo urteari begira, lasterketa zein martxa egiteko gogoz daude: “Jendearen parte hartzea ikusita eta euren ilusioa nabarituta, jarraitzeko gogoa daukagu”. Gainera, udalerri ingurua ezagutarazteko aukera “bikaina” dela aitatu dute.
Mendin martxetan zein lasterketan parte hartu zuten guztiei eta boluntario lanak egiten laguntzen ibili ziren guztiei ere eskerrak eman dizkiete. Aipamen berezia egin diete Gazteluzahar txokoko bazkideei atzo sukaldean egindako lanagatik.
Kirola eta elkartasuna batu ditu beste behin Gautegiz Arteagako mendi martxak. Aurten lortutako diruaren parte bat Endika Salegiren errehabilitazio tratamendua ekonomikoki laguntzeko sortutako Elkarrekin edozer lortu geinke taldearentzat izan da. Guztira, 400 euro batu dituzte euren esataria izan denari laguntzeko.