Andramariek herriko plazak bete dituzte
Herriko jai nagusiak ospatu dituzte nabarniztarrek eta muruetarrek. Gorozikan ere, giro bikainean batu dira Andra Mari jaiak ospatzeko.
Mezan eta meza osteko hamaiketakoan batu ditu gaur Murueta, Nabarniz eta Gorozikako bizilagunak. Herriko jai nagusiak ospatu dituzte nabarniztarrek eta muruetarrek asteburuan zehar, eta giro bikainean batu dira, baita ere, Gorozikako bizilagunak.
Barikuan hasi eta gaur arte festak ez du etenik izan han eta hemen, eta ohituraz betetako andramariak ospatu dituzte denek ala denek. Ohi legez, makailao janagaz hasi zituzten festak Nabarnizen, eta EinGo taldeagaz gozatu zuten gero. Gorozikan, Kittu taldea izan zen bariku iluntzea girotu zuena.
Zapatuan ere, ondo pasatzeko aukera izan zuten. Paella eta tortilla txapelketak egin zituzten Muruetan, eta asko izan ziren herrira bertaratutakoak. Paellen prestaketagaz goizean goizetik hasi ziren, eta iluntzean egin zituzten tortillak. Hala, egun osoko giro bikainean elkartu ziren bizilagunak herriko plazan. Nabarnizen, berriz, mozorroen eguna izan zen zapatua. Hippiez mozorrotu ziren herritarrak, eta frontoian, herri bazkarian batu ziren adin tarte guztietako bizilagunak. Zirko eskolaz gozatu eta Joseba Urrutia trikitilariaren emanaldia izan zuten gero. Gorozikan, trikipoteoa egin zuten, eta herri afarian elkartu ziren gauean. Goizaldean, gainera, txokolate jana izan zuten bertaratutakoek.
Egun handia, domekan. Atzo izan zen Andra Mari eguna, eta egitarau zabala prestatu zuten hiru herrietan. Goizean Kabelinatxe dantza taldearen emanaldiaz gozatu zuten bertaratutakoek Nabarnizen, eta arratsaldean esku pilota partiduak izan ziren protagonista nagusiak.
Muruetan, berriz, dantzak, herri kirolak eta bertsoak ikusi eta entzun zituzten. Maialen Lujanbio, Jone Uria, Igor Elortza eta Ander Elortegi oholtzara igo aurretik herri kirol erakustaldia egin zuten Murueta Sokatira taldekoek. Bi taldetan banatu ziren, muruetarrak alde batetik, eta inguruko herrietako bizilagunak bestetik. Hala, herriko taldea nagusitu zen. Txokorbatzean, sakua eramatean, trontzan eta gizon probetan irabazi zuten muruetarrek, eta txingak eramaten gailendu ziren inguruetako bizilagunak.
Gorozikan hamaiketako herrikoia egin zuten goizean. Arratsaldean, baina, briska txapelketa jokatu eta txokolate janagaz agurtu zituzten festak.