Jaietan murgilduta, Almika auzoan batu dira bermeotarrak Andra Mari egunean
Udalbatza eta herritarrak Xixili eta erraldoiekin batu dira tradiziozko ospakizunari ekiteko.

Atzo hasi zituzten bermeotarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Batzuk gaua parrandan igaro baldin badute ere, asko izan dira gaur goizean tradizioari eutsita Almika auzorako igoera egin dutenak.
IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIA
Ohitura legez meza entzun, eta protokoloak agintzen duen ekitaldia izan dute bertan. Udalbatza herritarrekin batu da Almikan, eta ohorezko aurreskua dantzatuta, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldiaz gozatzeko aukera eduki dute bertaratu direnek.
Nola ez, beraiekin batu da Xixili, eta herritarrek bere ileak lapurtzen aritu dira, zorte ona dakarrela dio ohiturak-eta. Ostean trikipoteoari ekin diote Almikatik, eguna era ezin hobean hasteko.
Arratsaldean ere zer edo zer egin egongo da auzoan, 18:30etatik aurrera idi probak ikusteko aukera egongo baita. Aurreko asteburuan hasi zituzten auzoko jaiak, baina herriko jai nagusiekin batera gogotsu aritu dira gaurkoan bertan bildu direnak.
IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIA
Arratsaldean eta iluntzean ere jai giroan jarraituko dute bermeotarrek. Lameran eta txosnagunean izango diren kontzertuekin batera, ohikoak den suziri ikuskizunaz gozatuko dute herritarrek, Zaragozana pirotekniaren eskutik.