Urteko egunik berezienei hasiera eman diete bermeotarrek
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera eman zioten atzo Bermeon. Jai giroan, etenik gabeko eguna ospatu zuten iluntzean pregoia eta txupina bota aurretik.
Bermeotarrak ospakizunez betetako egunetan murgildu dira. Ez da gutxiagorako; atzo hasi ziren udalerria kolore urdinez margotu duten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak.
IKUSI HEMEN ATZOKO ARGAZKI GALERIA
Herriko jai nagusiak hastea berezia izaten da guztientzat, eta bermeotarrek gogotsu hartu zuten horretarako betebeharra. Bermeoko gazteak eguerditik murgildu ziren festa giroan. 500 gazte baino gehiago bildu ziren txosnagunean bazkari herrikoia egiteko eta arratsalderako motorrak berotzen hasteko.
18:30ean Almika auzoan batu ziren hainbat eta hainbat. Batzuk mozorrotuta, beste batzuk ez, baina denek izan zuten helburu berbera: musika eta jai giroan bajadien parte hartzea.
Horrela, kalejira koloretsua hasi zuten Almiketik. Bertan hainbat kuadrilek parte hartu zuten, ume, gazte edo nagusiak batuz, norberak bere musika eta dantzak eskaintzen zituen bitartean. Erraldoiak, piratak edota dantzari kubatarrak, denek izan zuten beraien tokia hain une berezian.
Herrigunera heltzerakoan, nola ez, bajadan parte hartzen zutenek ura eskatzen hasi ziren balkoietan begira zeudenei. Horiek erantzuna eman, eta ur baldekadak bota zizkieten etxeetatik freskatzeko. Lamerara helduta, etenik egin gabe festa giroan jarraitu zuten bermeotarrek.
Iluntzean baina, hutsik egin gabe Goiko Plazarantza abiatu ziren. Ohiturek agindu bezala, udaletxeko balkoitik txupina bota eta Xixiligaz batera Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ofizialki hasteko unea heldu zen.
Pregoia. Hori baino lehen alkateak pregoia bota zuen. Lehen aldiz hartu zuen lan hori Aritz Abaroak.
Jai eredugarri batzuk lortzeko herritarren arteko errespetua inplikazioa eskatu zuen bertan: “Ailegatu dira hainbeste itxaroten izan ditugun Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Egun bereziak dira gaurtik hasi eta irailaren 16ra arte biziko ditugunak. Gure herriko jaiak munduan bakarrak dira, bermeotarrak izaera estilo bat da. Baina jakin badakigu elkarrenganako errespetu osoz eta desberdinen arteko inplikazioagaz bakarrik lortuko dogule jai eredugarrixek izaten jarraitzea”.
Bermeoko jaiak “bermeotar denen jaiak” direla aldarrikatu zuen, eta jai egunak “eguneroko gorabeherak aparkatu eta disfrutatzeko sasoia” dela adierazi zuen Abaroak. “Agertu daigun argi eta garbi herri honek ez duela inondik inora ezelako erasorik, mehatxurik ez eta jarrera desegokirik onartuko. Ozen aldarrikatu daigun, ez beti da ez”.
“Gaur hasten ditugun jai hauek posible izateko eta horiei bizia emateko bermeotar askoren eta askoren konpromisoa daude atzetik. Jai hauetan eta urte osoan zehar ekintzak antolatzen buru-belarri dabiltzan talde eta bolondresari eskerrik beroena herri guztiaren izenean”.
Gonbidatu bereziak. Ildo horretan, gonbidatu bereziak izan zituen udalbatzak udaletxeko balkoian: Erroxape Emakumeen Elkartea eta Izaro Abesbatza.
Biek urteurren borobila betetzen dute aurton. 25 urteko ibilbidea ospatzen ari dira, eta horrela, jaiei hasiera emateko ohorea izan zuten atzo iluntzean. Bermeotarrek txalo artean hartu zituzten bi elkarteetako ordezkariak, eta horiek beraien mezua herriari zabaltzeko aprobetxatu zuten.
“Berdintasunaren alde egiten dugu lan, emakumeak merezi duen lekua lortu arte”, adierazi zuten Erroxapekoek. “Ez beti da ez, eta kaleak guztionak dira”. Izaro Abesbatzekoek, berriz, 25 urtetan egindako ibilbidea gogoratu zuten: “Nork esango zuen honaino helduko ginela”. Abesbatzekoak “harro” azaldu ziren lortutako guztiagatik, “Izaro abesbatz bat bakarrik izan beharrean, familia bat delako”.
IKUSI HEMEN ATZOKO ARGAZKI GALERIA
Bi elkarteek ikuskizun berezi bat eskaini zuten Goiko Plazan batu zirenentzako. Udaletxe barruan batu, eta herriko jaien abestia, Egunaro Egunaro Kalien, abestu zuten herritarrekin batera. Ostean txupina jaurti eta jaiak hasi zituzten bermeotarrek, giro ederrean eta musikagaz batera plazan biribilketak eginez, festei hasiera ezin hobea emanez.