11/13 sumarioko auzipetuei babesa adierazi diete Gernika-Lumon
Irailaren 14an 17:30ean La Casillatik hasita Bilboko kaleak betetzeko mezua zabaldu zuten atzo: "Ez dago jendarte aktibo, mobilizatu eta kritiko bat baino osasuntsuagorik".
Irailaren 16an hasiko da 11/13 sumarioko auziaren epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta atzo Madrilen epaituko dituzten 47 auzipetuei babesa adierazi zieten Gernika-Lumon. Euskal presoen eskubideen alde egindako lanagatik epaituko dituzte, eta atzo asko izan ziren horiei elkartasuna adierazi zieten norbanako, talde, eragile eta elkarteak.
Hainbat izan dira orain arte 47ak Herrian lelopena burututako ekintzak, eta atzo, prozesu guztian zehar jasotako babesa eskertu zien udalerriko bizilagunei Ibon Meñika 11/13 sumarioko auzipetuak: “Oso eskertuta gaude jasotzen ari garen elkartasunagatik. Herri aktibazio zabal bat artikukatzen ari da modu eta era askotara, eta gure partetik eskerrak ematea baino ez dagokigu”.
Hala, makroepaiketaren aurka eta konponbidearen alde Jon Maia bertsolariak idatzitako manifestuak azken bi hilabete eta erditan 11.000 sinaduratik gora jaso dituela gogorarazi zuten. Gizarteko eremu guztietatik jaso dutela babesa aitortu, eta babes, salaketa eta elkartasun olatu horrek asko indartzen dituela adierazi zuten. Hori horrela, norabide horretan lanean jarraitu behar dela adierazi zuten Merkurion bildutakoek: “Norabide horretan lanean jarraitu behar dugu. Izan ere, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko indarrak biltzen zentratu, eta konponbide klabetan herri aktibazio sendoan ekarpena egitea dagokigu guztioi. Epaiketa honek sortutako sumindura eta elkartasuna bihur dadila euskal preso, iheslari eta deportatuak herrian izateko aldarria eta indarra”.
Konponbidearen bila. Iraganeko estrategia errepresibo baten aurrean daudela uste dute auzipetuek, baina euskal jendartearen “gehiengo erraldoi batek” iraganeko estrategia horiek atzean utzi eta gainditzean sinesmen osoa dutela diote.
Gatazkaren ondorioak konponbidean jartzea “beharrezkoa” dela aitortu zuen Meñikak atzo, eta horretarako kartzelak eta erbestea “hustu” behar direla aitatu zuen. Halaber, salbuespen neurrietan oinarrituriko espetxe politikak bertan behera geratu behar direla aldarrikatu zuten bizilagunek: “Presoen gaiak soluzio agenda adostua behar du, urgentziaz. Urruntze politikagaz amaitu behar da, gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratu behar dira, zigor luzapenik ez da ezarri behar…”.
Euskal gizartea aurrera begiratu gura duen herria dela deritze auzipetuek, eta ezinbestekoa dela konponbidearen norabidean pausoak ematea uste dute: “Egun oraindik ere indarrean dauden urraketekin amaitu eta iraganekoak sendatu nahi dituen jendartean bizi gara. Ezinbestekoa da norabide horretan urratsak ematea, berriro ere gertatu ez daitezen. Gure kontrako injustizia honen aurrean elkarbizitza eta bake oso baten aldarria zabaldu gura dugu”.
Hala, irailaren 14an 17:30ean La Casillatik hasita Bilboko kaleak betetzeko mezua zabaldu zuten atzo: “Ez dago jendarte aktibo, mobilizatu eta kritiko bat baino osasuntsuagorik”.