Tradizioari estu-estu lotuta
Herriko festa nagusietan murgilduko dira Nabarnizko eta Muruetako bizilagunak hurrengo egunetan. Gorozikan ere, andramariak ospatzeko adin guztientzako egitarau zabala prestatu dute arduradunek.
Heldu dira andramariak Busturialdera, eta hurrengo egunak festa giroan igaroko dituzte Nabarnizko, Muruetako eta Gorozikako bizilagunek. Domekan ospatuko dute Andra Mari eguna, baina gaurtik hasita eta astelehenera bitartean gozatzeko egitarau zabala prestatu dute herri bakoitzean.
Egun bereziak izango dira hurrengoak Nabarniz eta Muruetan herriko festa nagusietan murgilduko baitira herritarrak.
Nabarniztarrek ohituraz betetako jai kuttunak dituzte, eta aurten ere, tradizioari eutsiz, makailao janagaz hasi eta morokil janagaz amaituko dituzte festak. Zapatuan, berriz, frontoian batuko dira herri bazkarian. Azken bost urteotan bertan bazkaldu dute mozorrotuta, eta aurten ere mozorroak jantzita joateko deia egin dute antolatzaileek. Lehenago plaza izaten zen herritarren bilgunea, eta erakustaldia egiten zuten bertan. Orain, baina, adin guztietako herritarrak frontoian elkartzen dira. Domekan, berriz, elizan batuko dira, eta ostean, Kabelinatxe dantza taldekoen erakustaldia ikusi ahalko dute plazan.
Muruetan bihar hasiko dira festa nagusiak, eta paella eta tortilla txapelketek hartuko dute plaza; goizean paellak eta arratsaldean tortillak izango dira protagonistak. Bitartean, gainera, zozketa herrikoia gauzatuko dute, eta eguna agurtzeko, su artifizialen erakustaldia ikusiko da.
Egun handia izango da domeka, meza entzun eta Urdaibai Dantza Taldekoen emanaldia ikusi ondoren bertsolariekin gozatuko dutelako. Bertan egongo dira Maialen Lujanbio, Jone Uria, Igor Elortza eta Ander Elortegi. Gai jartzaile lanetan, berriz, Koldo Gezuraga ariko da.
Goizean, gainera, Udalbarri aretoan, Muruetako gaztetxoek egindako artelanen erakusketa egongo da.
Esku pilota partiduak. Herriko jai nagusietan kirol eskaintza zabala egoten da, eta Andra Mari jaietan esku pilota izango da protagonista. Hala, Nabarnizko frontoian domekan ikusiko dira pilotari txikien arteko norgehiagokak. Muruetan, berriz, lehen mailako partidua egongo da: Arrizabalak Ruiz de Infantegaz jokatuko du Aldai eta Aldaien aurka. Horrez gain, Muruetako I. Frontenis Txapelketaren finalaz ere gozatu ahalko dute bertaratzen direnek.
Gorozikan ere eskaintza zabala prestatu dute festetarako. Goizean poteoan elkartuko dira herritarrak, eta erromerian iluntzean. Gaur Kittu erromeriak girotuko du arratsaldea, eta bihar, berriz, EinGo taldea izango da arduraduna. Bihar, gainera, afari herrikoia egingo dute.
Andra Mari egunean, triki poteoa eta briska txapelketa izango dira. 20:30ean, berriz, jaiei amaiera emateko traka ikusgarria egongo dela jakinarazi dute