'Zeru trukaketa' proiektua garatzen dabiltza Astran
Proiektuak bakerantz bideraturiko oroimenezko kultura kontzeptua garatzea du helburu. Berlingo zerua irudikatuta daraman pankarta irailaren 21ean 11:00etatik 14:00ra bitartean ikusiko da udalerrian.
Michael Klant sortzaile alemaniarraren Zeru Trukaketa proiektuaren bigarren zatia garatzen dabiltza egunotan Gernika-Lumoko eta Berlingo artistak, Astran.
Proiektuak bakerantz bideraturiko oroimenezko kultura kontzeptua garatzea du helburu, eta Berlin eta Gernika-Lumoko herrien arteko adiskidetzea irudikatu gura du.
Artista alemaniarraren proiektua urte hasieran abiatu zuten, eta pankarta bana daramaten bi hegaldi burutzean datza. Lehenengo hegaldia Berlingo zeruan ikusi ahal izan zen apirialaren 26an, Kondor Legioak 1937an Gernika-Lumo bonbardatu zuen egun berean. Orain, proiektuaren bigarren zatian, Berlingo zerua irudikatzen duen bigarren hegaldia udalerriko zeruan ikusi ahalko da NBEren Bakearen Nazioarteko Egunean, irailaren 21ean. Hala, hegazkin txiki batek, Berlingo zerua irudikatzen duen 100 metro karratuko pankarta bat eramango du udalerri inguruan zehar, eta lurrerantz jausten utziko du forma “ikusgarriak” eginez. “Pankarta kulunkan erortzen uzteagaz inbasio artistiko bat egin gura da, airetiko balizko suntsiketen kontrapuntu gisa. Hala, mugak zeharkatzen dituen ekintza izango da, eta gaur egungo bereizte nazionalisten gorakadaren aurka zuzenduta egongo da”, adierazi dute ekintza artistikoaren arduradunek.
Berlingo hegaldia Gatow aireportutik abiatu zen, hori izan baitzen Alemaniako Aireko Indarraren prestakuntzarako toki garrantzitsuenetako bat. Gero, Berlingo zenbait leku esanguratsuren gainetik igaro zen; besteren artean, olinpiar estadiotik eta Tempelhof aireportutik.
Memoria historikoa lantzen.
Gernika-Lumo hiri baten kontrako lehen bonbardaketa “indiskriminatuaren” ikurra dela gogorarazi dute Gernika Gogoratuz elkarteko kideek, eta handik gutxira, 2. Mundu Gerra osoan zehar, airetiko erasoa Berlingo hiritarren aurka ere erabilia izan zela ere adierazi dute. Hala, Espainian eta Alemanian memoria historikoa eta oroimena zuzenki landu ez dela arrazoituta, gertaera horiek gogorarazi eta landu gura izan dituzte Klantek, Gernika Gogoratuz elkarteak, Lobek eta Alemaniako Deutsch Baskischer Kulturvereun taldeak: “Espainian, Memoria Historikoaren Legea, 36ko Gerrako memoria landu eta horren ondorioak aurreikusten dituena, 2007ra arte ez zen onartua izan. Eta Alemanian, 1997an Gernikako bonbardaketari buruzko adierazpen ofizialak egin baziren ere, alemaniarrek 36ko Gerran izan zuten eskuartzearen berririk ez da eman”.
Testuinguru horretan, Klant artista eta Friburgeko Unibertsitate pedagokioaren irakasleak pintura lantzen duen ekintza artistiko hau bultzatu zuen, eta bertako artistekin dihardu lanean: Damaris Pan EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleagaz, Angela Lopez Gernikako Astrako kideagaz, eta Maitane Azurmendi Gernikako Lobak elkarteko kideagaz.