Tradizioak jarraituz prestatutako Kanalako jaiak iristear daude
Kanalako plaza eta frontoia jaien epizentroa izango da barikutik domekara bitartean.
Iritsi da iraila, eta abuztua bukatzeagaz batera badatoz Kanalako jaiak. Gautegiz Arteagako sanantolinei lekukoa hartu, eta festa giroak hartuko du kanalako plaza eta frontoia barikutik domekara bitartean.
Jai herrikoiak dira, denen artean herritar guztien gozamenerako prestatutakoak, eta hori nabarmendu dute jai batzordeko ordezkariek: “Kanalako jaiak herrikoiak dira, denon artean denentzako prestatzen direnak. Talde bat arduratzen da hamaiketakoa egiteaz, eta beste bat, berriz, mozorro lehiaketa prestatzeaz. Herritar guztiek laguntzen dute prestaketa lanetan”.
Tradizioak jarraituz prestatu dituzte aurten ere festak, eta iaz egin legez, zinta lasterketagaz hasiko dituzte jai egunak. Umeen jolasak ere izango dute euren lekua lehenengo egunean.
Hala ere, frontoian batuko dira herritar gehienak barikuan, bertan jokatuko baitituzte pala txapelketako finalak. “Abuztu hasieratik hamalau bikotek parte hartu dute pala txapelketan, eta finalak jokatuko dira frontoian. Jende asko gerturatzen da partiduak ikustera”, esan dute ordezkariek.
Finalean, Igorrek eta Josuk osatutako bikoteak Mikel eta Jon izango ditu aurrez aurre. Irabazleek txapela eta garaikurra eramango dituztela etxera zehaztu dute.
Txapelketa bukatuta, herri afaria egingo dute leku berean; euria eginez gero, elizpean elkartuko dira bertaratzen direnak.
Mozorroen txanda, zapatuan. Egun bakoitzak berezitasun bat dauka Kanalan, eta zapatuan, mozorroek hartuko dituzte herriko kaleak. Nork bere gustuko arropak jantzi eta kalera aterako dira bizilagunak. Gero, mozorro lehiaketa egingo dute bertaratzen direnek, eta gauerako ere zerbait prestatu dute arduradunek.
Egunean, baina, giroa goizetik nabarituko dela diote. “Egun handia izaten da, giroa goizetik nabaritzen da, eta arratsaldean, mozorroek ematen diote azken ukitua egunari”, aitortu dute antolatzaileek.
Jaiak ez du etenik, eta domekan ere gozatzeko aukera edukiko dute Kanalera bertaratzen direnek. Meza bukatu bezain laster, azken urteetan egin legez, Kanala Dantza Taldearen ikuskizuna egongo da, eta hori bukatuta, hamaiketakoa izango dute dantzari eta herritarrek.
Beste batzuk, baina, tortilla eta paellen prestaketaz arduratuko dira goizean goizetik, izan ere, 14:00etan aurkeztu behar izango dituzte.
Jaiekin bukatzeko, pilota partiduek girotuko dute eguna, eta horiek bukatu ostean, hurrengora arte agurtuko dituzte festak.
Egitaraua:
Barikua:
- 17:00. Zinta lasterketa eta umeen jolasak.
- 18:00. Mus txapelketa.
- 19:00. Pala txapelketaren finala.
- 20:00. Arteagako abesbatza.
- 21:30. Herri afaria.
Zapatua:
- 11:00. Kalejira.
- 19:00. Mozorro lehiaketa.
- 22:00. Mozorro gaua.
Domeka:
- 11:00. Meza.
- 12:00. Kanala dantza taldea eta tortilla eta paella txapelketan izen ematea.
- 13:00. Hamaiketakoa frontoian.
- 14:00. Tortillen eta paellen aurkezpena.
- 14:30. Sari banaketa.
- 18:00. Pilota partidua.