11/13 sumarioko auzipetuei babesa adieraziko diete Gernika-Lumon eta Mundakan
Etzi manifestazioa egingo dute Gernika-Lumon, eta zapatuan futbol partiduak jokatuko dituzte Mundakan. Elkarte, eragile eta norbanakoen babesa jaso dute dagoenerako.
Irailaren 16an hasiko da 11/13 sumarioko auziaren epaia Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta bertan 47 euskal herritar epaituko dituzte euskal presoen eskubideen defentsan lan egiteagatik. Lehenago, baina, auzipetuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute etzi 19:30etan Gernika-Lumon, eta futbol partiduak jokatuko dituzte zapatuan 12:00etatik aurrera Mundakako frontoian.
Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian lelopean antolatu dituzte ekintzok, eta auzipetuei euren elkartasuna adieraztea dela asmoa azaldu dute antolatzaileek. Hala, ekimen horietan parte hartzera deitu dituzte bizilagunak.
“Herri hau iraganeko egoerara eraman gura dute, herri hau demokrazia eta justiziazko etorkizun baterantz egiten ari den bidea oztopatu gura dutelako”, adierazi dute ekintzen antolatzaileek. Hala, guztien artean errepresioari “egundoko” gola sartzeko lan egingo dutela diote.
Auzipetuek bakoitzaren herri eta auzoetan izaera desberdinetako mobilizazioak egitera deitu zituzten herritarrak, eta egin egingo dituzte. Arazoa ez dela bakarrik makroepaiketa dio Ibon Meñika auzipetu gernikarrak, arazoa preso iheslarien gaia konpondu gabe egotea dela uste baitu: “Arazoa ez da bakarrik makroepaiketa, horren atzean dagoena baizik. Guk gure indarrak batu gura ditugu konponbideari baietza emateko.Euskal presoen gaia konpondu gabe egoteak herri honi aurrera joateko aukera oztopatzen dio”.
Hala, elkarretaratze zein beste ekintzekin Euskal Herriko gehiengo sozial, zabal eta ireki bat konponbidea bultzatzeko prest dagoela irudikatuko dute egunotan. “Konponbideari bidea emateko modu bateratu eta adostuari baietza eman behar diogu, eta epaiketari, berriz, ezetza”. Halaber, Espainiako estatuaren aldetik ez dela egoerari erantzuteko ez aukerarik, ez eskaintzarik egon salatu dute.
Elkartasun kontzertua. Hurrengo asteburuan, gainera, elkartasun kontzertua egingo dute Astran 21:00etan. Epaiketako gastu, desplazamendu, asistentzia juridikoak… duten koste ekonomikoa gutxitzea da kontzertuaren asmoa, diru kantitatea “handia” delako. Hala, Blaster M eta Leihotikan taldeen doinuak entzun ahal izango dira kulturarako fabrika sozialean. Kontzerturako sarrerak Arranon eta Aterpen eskuratu daitezke 10 eurotan.