Jai nagusiak agurtzeko unea
Sanantolin jaietan murgilduta dabiltza Gautegiz Arteagako bizilagunak barikutik, baina gaur, hurrengo urtera arte agurtuko dituzte.
San Antolin deunaren baselizatik plazara. Horrela abiatu dira gautegiz arteagarrak herriko jai nagusien santuaren egunean. Gaur hurrengo urtera arte agurtuko dituzte festak, baina jai giroa ez da faltako eguna bukatu bitartean.
Kalejiran iritsi dira plazara, eta ur eta apar artean murgildu dira. Arratsaldean, gainera, zirko tailerrez gozatuko dute herrira bertaratzen direnek. Izan ere, Kekoren Zirko eskolaren erakustaldian elkartuko dira lehenengo, eta Malicia zirko konpainiak El punto de la i antzerki saioa antzeztuko du herriko plazan. Iluntzean, txokolate janagaz agurtuko dituzte jaiak.
Sanantolinak, baina, bariku iluntzean bota zuten txupinagaz hasi ziren. Gero, Artie dantza taldeko kideek dantza erakustaldia eman zuten, eta jarraian iritsi zen musikarien txanda. PostPose, Blaster M eta Bidean erromeriko musikariak igo ziren oholtzara, eta bizilagunak erritmoz bete zituzten.
Zapatuan tortillek hartu zuten protagonismoa. Goizean goizetik lekua hartu eta nork bere tortilla prestatu zuen. Hala, guztira, 36 aurkeztu zituzten lehiaketara. Herri bazkarian, urtero legez, adin guztietako herritarrak elkartu ziren, eta Jokaldi taldea izan zen arratsaldea girotzearen arduraduna. Mozorrotzeko aukera ere eduki zuten herritarrek, eta musikan oinarritutako desfilea egin zuten herritarren txalo artean.
Domeka umeentzako eguna izan zen, eurentzako puzgarri eta jolasek hartu zuten plaza. Urtero legez, gainera, pilota partiduak jokatu ziren. Olaizola IIak Arangurenekin jokatu zuen Laso eta Aretxabaletaren aurka, eta lehenengo bikotea gailendu zen bost puntugatik puntugatik, 17-22.
Jaiak bukatu arren, Gautegiz Arteagak hitzordu berezia dauka asteburuan; izan ere, domekan V. Mendi Martxa eta Lasterketa lehiatuko dituzte.