Gernika Hiria Emakumezkoen Txapelketan pilota partiduak ere jokatuko dituzte aurten
Irailaren 14an Urbietan lehiatuko den txapelketak parekidetasuna suspertzea du helburu. Futbol, errugbi eta pilota partiduak bukatuta, parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen diren kirolari eta zaleek.
Gernika Hiria Emakumezkoen Txapelketa bigarrenez jokatuko dute irailaren 14an Urbietan, eta aurten, gainera, errugbi eta futbolean aritzeaz gain, pilotan ere jokatuko dute kirolariek.
Urbietan lehiatuko den txapelketak parekidetasuna suspertzea du helburu, eta hori azaldu du Irati Martinez Gernika-Lukoko Udaleko Berdintasun arloko zinegotziak: “Emakumeek kirolean duten rola azpimarratu beharra dago. Genero esterotipoei aurre egiten diete eta eredu bihurtzen dira. Hala, kirol munduan emakumeek duten rola aldarrikatu eta berdintasuna sustatuko dugu”.
Kirolak sexuaren, arrazaren, erlijioaren eta nazionalitatearen mugak gainditzen dituelako antolatu dute txapelketa, eta Gernika-Lumo emakumezkoen kirolaren topaleku bihurtu gura dute, “kirolak emakumezkoak eta gizonezkoak berdintasunean jartzen dituelako”. Hori horrela, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako kirolariei udalerrira hurbiltzeko gonbita egin diete Martinezek: “Gure herriko taldeetan parte hartzeko deia egiten diegu, izan ere, lehen mailako taldeak ditugu kirol esparru desberdinetan. Kirolarekiko kultura dago herrian, eta hori bultzatu eta sustatu beharra dago”.
Txapelketa joan den urtean egin zuten lehenengoz, eta iazko arrakasta ikusita aurten berriro egitea erabaki dute. Hala, Gernika Hiria Emakumezkoen Txapelketa etorkizunean egonkortuko den lehiaketa izatea espero dute, ohiko bihurtzeko xedea dauka-eta. Izan ere, urtez urte txapelketara kirol berriren bat gehitzeko asmoa dute antolatzaileek: “Etorkizunean beste pauso bat ematea da asmoa, beste kirolen bat txapelketara gehituz. Txapelketa hazi gura dugu; iaz errugbian eta futbolean aritu ziren kirolariak, eta aurten pilotan ere ibiliko dira”. Arkupe Pilota Taldearen arduradunen berbetan, Gernika-Lumon emakumezkoen pilota taldea dagoela ezagutaraziko dute txapelketaren bidez: “Emakumeen kirola sustatzeaz gain, herrian badagoela emakumeen taldea erakutsiko diegu udalerriko eta inguruetako bizilagunei”. Hala, nesken parte hartzea kirol desberdinetara zabalduko dute antolatzaileek. Izan ere, saskibaloian neska askok parte hartzen dutela uste dute, baina beste kiroletara ere hurbildu gura dituzte.
10:00etan hasiko da eguna kirolarientzat, eta 10:15ean Urdaibai Futbol Taldeak Durangoko Betiko Taldearen aurka jokatuko du. Norgehiagoka bukatuta, pilotarien txanda iritsiko da, eta hiru bikote ariko dira Urbietako Frontoi handian: Enara Gamindek eta Nagore Bilbaok batera jokatuko dute, baita Amaia Zarrabeitia eta Ainhoa Ruiz de Infantek ere, eta Gentzane Alday Izaskun Martinekin batera ariko da. Gernika RTko neskek berriz, Durangoko errugbilariak izango dituzte aurrez aurre 11:45ak aldera hasiko den norgehiagokan. Futbol eta errugbiko partidek 40 minutu iraungo dituzte.
Zaleen parte hartzea sustatu. Txapelketak gainera, atal herrikoia eta parte hartzailea izango du aurten. “Jendea emakumezkoen kirolera hurbiltzea da gure asmoa, eta horretarako kirol desberdinetan aritzeko aukera eman nahi diegu bertaratzen direnei. Izan ere, kirol topaketa bat da txapelketa”, azaldu du Martinezek.
Finkatutako partidak bukatuta, txapelketan parte hartzeko izena ematen duten kirolari eta zaleekin taldeak eratuko dituzte, eta 10 minutu inguruko jokaldiak gauzatuko dituzte. “Jendea gonbidatzen dugu gurekin jokatzera”, diote Urdaibai Ftko eta Gernika RTko jokalariek, eta irailaren 14an Urbietan elkar ikusiko dutela adierazi dute. Libe Lopez errugbilariaren ustez, parte hartzeari esker errugbian aritzearen esperientzia jaso dezakete parte hartzaileek: “Gure partida bukatuta, jendea gonbidatuko dugu gurekin jolastera, eurek zuzenean ikusteko zer nolako esperientzia den errugbian aritzea”.
Hala, Urbietara hurbiltzeko deia egin dute, “parte hartze barik ezingo litzatekeelako horrelako ekimenik bultzatu”. Parte hartu nahi duenak irailaren 9ra arte eman dezake izena, eta horretarako, 12 urtetik gorako gazteek hurrengo helbide elektronikora bidali beharko dute mezua: torneoberdi@gernika-lumo.net.