Ligaxkako azken jardunaldian erabakiko da zein puntistek jokatuko dituzten finalerdiak
Lehen multzoan lidertza izango dute jokoan Goikoetxea-Lekerika eta Hormaetxea-Aldazabalek. Bigarrenean, aldiz, berdinketa hirukoitza egotea gerta liteke, eta set-averageak erabakiko luke aurrera nok egingo lukeen.
Jai Alai frontoian lehiatzen ari den zesta-punta txapelketako ligaxka azken txanpara iritsi da, eta zapatuko [uztailaren 27a] azken jardunaldian erabakiko da bi multzoetako zein puntistek jokatuko dituzten finalerdiak. Azken txartel baino izango dute jokoan. Goikoetxea-Lekerika bikoteak Hormaetxea eta Aldazabal izango ditu aurrez aurre Gernika Jai Alai Grand Slameko hirugarren jardunaldian. Zapatu gaueko bigarren hitzorduan, bestalde Beaskoetxeak eta Lopezek Egiguren-Inza bikotearen aurka jokatuko dute.
Lehen multzoko Erik Mendizabal eta Etxeto puntistak kanporatuak izan ziren aurreko asteburuan, beraz, lehen postua izango dute jokoan Goikoetxea-Lekerika eta Hormaetxea-Aldazabal bikoteek. Bestalde, bigarren multzoa ezin interesgarriago dago, izan ere, Barandika-Ekhi bikotea sailkatuta daude jada hurrengo faserako. Eta hirugarren jardunaldi honetan berdinketa hirukoitza egotea suerta daiteke.
Aurrera egiteko aukerak. Beaskoetxea-López eta Egiguren-Inzak finalerdietarako sailkapena bilatuko dute Jai Alai frontoian, baina set-average delakoak garrantzia handia izango du neurketan. Izan ere, Egigurenek eta Inzak irabazten baldin badute, bikote bakoitzak garaipen eta porrot bana izango lituzke, eta kanporatutako bikotea irabazitako set-en arabera erabakiko litzateke.
Barandikak eta Ekhik lehen partidua 2-1 galdu baina bigarrena 0-2 irabazi zuten. Beraz, Egigurenek eta Inzak 2-0 irabazi beharko lukete aurrera egin nahi baldin badute, Beaskoetxea-Lopez bikotea kanpoan utziz. Galduz gero, edota 2-1 irabazita ere, zuzenean kanporatuak izango lirateke.