Hazinnova laguntza zerbitzu berriagaz lankidetzan ariko da Lanbide Ekimenak
Enpresa txiki eta ertainen berrikuntza eta lehiakortasun indizeak hobetzea du helburu laguntza zerbitzuak. 40 eragile edo agenteren sarea da, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua dauka.
Lanbide Ekimenek Hazinnova izeneko enpresa txikientzako laguntza zerbitzu berri batean hartuko du parte. SPRI Taldeak eta Innobasque Berrikuntzako Euskal Agentziak martxoan abiarazitako ekimen horrek 500 proiektu inguru jarriko ditu martxan lehenengo urtean, eta enpresa parte hartzaileen berrikuntza eta lehiakortasun indizeak hobetzea du helburu.
Momentuz, 40 eragile edo agenteren sarea da, tokiko garapen-agentziek, klusterrek, merkataritza-ganberek eta enpresa elkarteek osatutakoa. 2,5 milioi euroko aurrekontua dauka, eta 2.400 enpresa txiki eta ertainetara iritsiko da. Bereziki 6 eta 99 langile bitartean dituzten enpresei eta aurretik berrikuntza-jarduerarik egin ez dutenei zuzentzen zaie. Euskal ETEek doako aholkulari espezializatu bat eskatu ahal izango dute spri.eus webgunearen bidez.
Enpresa txikiei berrikuntzan lehen esperientzia bat eskainiko die, berrikuntza lanak erraz, azkar eta doan egin ditzaten. Antolatzeko era berrietan edota produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko metodo berrietan oinarrituko dira. Hazinnovak 50 orduko aholkularitza zerbitzu espezializatua emango du, eta enpresen zerbitzura egongo da prozesu osoan zehar, inolako kosturik gabe eta gutxieneko administrazio kosteekin.
Izan ere, enpresaren errentagarritasuna kontrolatuko du, baita prozesuen eraginkortasuna hobetu ere. Entrega gastuak edota epeak murrizteko ahaleginak egingo dituzte zerbitzuko aholkulariek, eta langileak motibatzeko teknikak irakatsiko dizkiete enpresei. Bezero berriengana iristeko laguntza eskainiko diete, bai eta merkatu kuota handitzeko ere. Marka eta diseinu industrialak babesteko ere lan egingo dutela jakinarazi dute.
Proiektu motak. Hazinnova proiektuan parte hartzea erabakitzen duten enpresek gehienez bi proiektu txiki abiarazteko aukera izango dute urtebetean, arlo hauetako batean: ekonomia eta finantzen kudeaketa, produkzioa, logistika, barne-prozesuak, pertsonak, bezeroak eta merkatu berriak. Horrez gain, marka eta erregistroen arloko behar adina proiektu txiki egin ahal izango dituzte.
Ekimenak lehentasunezko jarduera sektore batzuk finkatu ditu berrikuntza proiektuen onuradun izan daitezkeen ETEentzat. Industria sektorean lehentasunezko jarduerak manufaktura, erakusketa, energia hornikuntza eta uren eta hondakinen kudeaketa izango dira; hirugarren sektorean, aldiz, industriarekin zerikusia duten zerbitzuak, informazio teknologiekin lotutako jarduerak, handizkako merkataritza, garraioa eta biltegiratzea, finantza jarduerak eta aseguruak izango dira lehentasunak.
Zabalkundea. Zerbitzuaren zabalkundea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualde guztietako enpresa txikien artean egingo da. Hala, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko ordezkariak irailaren 19an Durangon egingo den batzar informatiboan egongo dira; Bermeoko Udaleko, Azaro Fundazioko, Lanbide Ekimeneko, Errota Fundazioko, Gorbeialdeko eta Ermuko Udaleko ordezkariek parte hartuko dute.