Santa Mañe jaiak ospatuko dituzte Akordan, etzitik aurrera
Lau egunetako egitarau zabala prestatu dute Ibarrangeluko Akorda auzoko jaiak girotzeko. Txupina jaurtiz hasiko dira Santa Mañe jaiak etzi, eta sardina janagaz agurtuko dituzte domekan.
Ibarrangeluarrek Santa Mañe jaiak ospatuko dituzte etzitik aurrera, Akorda auzoan. Hain zuzen, lau egunetako egitaraua prestatu dute auzoa jai giroan murgiltzeko asmoagaz.
Jaiei hasiera emoteko txupina 12:00etan piztuko dute santuaren egunean, eta ostean, Akordako elizan batuko dira bizilagunak. Meza bukatuta, jaietan ohiko bihurtzen ari den Beti Galdu Kuadrillaren kantaldiaz gozatzeko aukera izango dute Akordako Tabernara bertaratzen direnek.
Hurrengo egunean ere, auzoko jaietan murgilduta jarraituko dute auzotarrek, eta herri bazkarian elkartuko dira. Urtero-urtero herri bazkaria “jendetsua” izaten dela diote arduradunek, eta aurten ere berdina izatea espero dute. Izan ere, auzoko gazte zein nagusien artean antolatzen dute bazkaria, eta adin tarte guztietako herritarrak eta inguruko bizilagunak bertaratzen dira. Gauean, gainera, Itzalak ondarroako erromeria taldearen doinuek musikaz beteko dute plaza.
Txitxiburduntzia. Gaztetxoenek hartuko dute plaza zapatuan. Apar jaiagaz, puzgarriekin eta margo tailerragaz non gozatu izango dute. Iluntzean, gainera, txitxiburduntzia eta parrillada herrikoia egingo dituzte, The Luar Carrey Band taldea oholtzara igo bitartean. Gero, gauean diskoteka “zoragarriak” hartuko du plaza.
Jaiekin bukatzeko, Ibarrangeluko Lorea dantza taldearen ikuskizuna izango dute aukeran herritarrek Akordako plazan, eta sardina janagaz agurtuko dituzte auzoko jaiak hurrengo urtera arte.
Egitaraua
Etzi.
12:00. Txupinazoa.
12:30. Meza nagusia, Akordako elizan.
Ostean. Beti Galdu kuadrillaren kantaldia, Akordako tabernan.
Barikua.
12:30. Meza nagusia, Akordako elizan.
14:30. Herri bazkaria.
23:00. Erromeria Itzalak taldeagaz.
Ostean. Gau diskoteka.
Zapatua.
18:00-21:00. Umeen jolasak: apar jaia, gaztelu puzgarriak, margo tailerra etab.
21:30. Txitxi-burruntzia eta parrilada herrikoia.
23:00. Rock kontzertua: The Luar Carrey Band.
Ostean. Gau diskoteka.
Domeka.
12:30. Meza nagusia, Akordako elizan.
Ostean. Ibarrangeluko umeen dantzak, Akordako plazan.
Arratsaldean. Sardina jana.