Sormen kolektiboa bultzatu du Danona Donea jaialdiak gaur, Santa Katalinan
Jaialdi alternatibo eta parte hartzailean batu dira gaur Mundakan. Danona Donea izeneko festa iaz egin zuten lehenengoz, eta aurten ere proposamen ugarigaz burutu dute.
Kulturaren topagunea. Jaialdi alternatiboa. Sormen kolektiboko espazioa. Bat-batekotasuna eta sorkuntza bilatzatzen dituen jaialdia. Hori da Danona Donea festa, eta gaur hori ospatzeko batu dira herritarrak Mundakako Santa Katalinan. Antolatzaileak “pozik” agertu dira goizeko erantzunagaz.
Jaialdi komertzialetatik urrun, kostako txoko txiki eta berezia aprobetxatu dute elkartzeko, eta bertaratu diren herritarren proposamenekin bete dute jaialdiaren egitaraua. Eguerdian elkartu dira, 13:00etan, eta zulo irekia izeneko ereduagaz esperimentatu dute.
Jaialdi alternatiboak ez du inolako agendarik eduki goizean. Hala, papel zurien inguruan eseri, eta bertaratutakoen ideia, proposamen eta ekarpenekin sortu dute egitekoa. Izan ere, zulo irekia ereduak “sormen kolektiboa eta bat-batekotasuna nahastea, eta sorpresa eta konexio sortzailea” sustatu eta bultzatzen ditu. Hori horrela, txalaparta ikastaroak, edota elkarrizketak egiteko asmoa erakutsi dute bertaratutako batzuek; historian esandako “hirugarren gezur handia” izan dute ardatz. Esan eta egin. Denetariko gaiak jorratu dituzte hitzaldietan, eta hango eta hemengo kantuak abesteko elkartu dira gitarra inguruan.
Ospatzeko arrazoi bi. Denontasuna ospatu, denontasuna zaindu lelopean bultzatu dute aurtengo jaia, “ospatzeko hainbat arrazoi eduki dituztelako”. Santa Katalina denona zela aldarrikatzeko eratu zuten herri plataforma, eta euren lorpenak ospatzeko elkartu dira gaurkoan.

Bertaratutakoek euren ekarpenak egin dituzte egitaraua osatzeko.
Hasieran, Mundaka Festival musika jaialdi handiari aurre egiteko sortu zen, “Santa Katalinan bertan lau urtetan egin izan duten jaialdiak ez duelako txoko berezi hori errespetatu”. Leku publikoa itxi eta herritarrei bertara libreki sartzeko aukera kentzen zietela salatu izan dute hainbat urtez, eta euren borrokak erantzuna izan duela gogorarazi dute gaur: “Toki hau denona dela ospatu nahi genuen, ospakizun horri erantzuna emateko. Gauza larria iruditzen zitzaigun jaialdiaren jarduera hori, eta festa bertan behera geratu dela ospatu gura dugu”. Pozik daude lortutakoagaz, izan ere, euren eta beste zenbait herritarren eraginez jaialdia baztertzea erabaki dutela uste dute.
Hala, Santa Katalina bezalako txokoetan beste jaialdi eredu batzuk bultzatu ahal direla erakusteko batu dira: “Jai mota bakoitzak espezio eta gune jakinak ditu, eta Santa Katalinan beste eredu bat jarraitzen dituzten festak egin behar dira”. Hala, elkarregaz esperimentatzeko eta sormena bultzatzeko aldarria egin dute gaur. “Oso modu sinplean antolatzen diren eta oso eraginkorrak diren jaialdiak egitea posiblea dela erakusten gabiltza”, esan dute antolatzaileek. Izan ere, masa handiak elkartzea eta horien egitekoa zehaztuta daukaten jaialdien aurka daude. Badakite ohiko jaialdietatik aldentzen dela eurena, baina Danona Donean epe luzerako bidea izatea espero dute: “Astiro-astiro bada ere aurrera egitea bilatuko dugu, etorkizunean gauzak egiten jarraitzeko asmoa daukagu-eta”.
Kulturaren topagune izanik, hizkuntzaren aldarria ere egin dute. Euskaratik jaiotako egitasmoa denez, euskaraz aritu dira. Hala ere, beste hizkuntzak ere erabili dituzte, euskaraz mintzo ez zirenei ere aterpea eskaintzeko.