150 lagunetik gora batu dira Munduko arrozak aniztasun zaporeko jaian
Munduko arrozak jaia ospatzen dabiltza herritarrak Astran. Giro ezinhobean igaro dute eguerdia, eta mota guztietako bederatzi arroz plater aurkeztu dituzte parte hartzaileek.
Munduko arrozak aniztasun jaia Gernika-Lumon. Kulturartekotasunaren zaporeak hartu du Astra. Munduko arrozik onena zein den jakiteko bederatzi kazola aurketu dituzte hamargarren urtez antolatu duten Munduko Arrozak jaialdira, eta Ginea Bissauko arroza izan da aurtengo onena.
Goizean goizetik gerturatu dira herritarrak kulturarako fabrika sozialera, eta arrozak prestatu bitartean, musika eta jai giro ederra ez dira falta izan Astran. Kolore, zapore, usain eta itxura askotako arrozak prestatu dituzte, nork bere erara. Guztira, bederatzi plater aurkeztu dituzte txapelketara; iaz baino bat gutxiago. Hala ere, talde gehiago ibili direla prestaketa lanetan zehaztu dute antolatzaileek.
Jatorri desberdinetako gernikarrek osatutako epaimahaiak erabaki du zein den aurtengo munduko arrozik onena: Sigi Saga taldearena. Atxuri eta San Franciscoko dantza taldea lehenengoz aurkeztu da Gernika-Lumoko lehiaketara, eta Ginea Bissaukoa den taldekideak sukaldatutako arroza aurkeztu dute. Irabazleak 65 puntu eskuratu ditu. Bigarren onena, berriz, Lurgorri taldearena izan dela ebatzi du epaimahaiak. Azken horrek irabazleak baino bi puntu gutxiago lortu ditu: 63 hain zuzen.
Arrozak lehiaketara aurkeztu ostean egin dute sari banaketa, eta jarraian bazkaltzeko elkartu dira bertaratutakoak Astran. 150 lagun baino gehiagok parte hartu dute herri bazkarian. Arratsaldean, gainera, dantzekin gozatzeko aukera eduki dute bertaratutakoek.
Aniztasun gunea. Munduko Arrozak txapelketak jatorri desberdinetako jendea batzea du helburu, kulturartekotasuna bultzatzeko eta udalerriko kultur aniztasun zabalaz herritarrak ohartarazteko. Hala, hartu-emanak sustatzeko eta elkar ezagutzeko espazio bilakatu dute Astra.
“Gero eta jende gehiago batzen gara, eta ederra da hori”, dio parte hartzaileetako batek. Beste baten ustez, “beharrezkoa” da horrelako ekimenak bultzatzea, eta arrozen inguruan batzeko aitzakia ondo pasatzeko aprobetxatzen dute beste batzuek. “Jai giroa da nagusi, elkar ezagutzeko aprobetxatzen dugu, eta ondo pasatzeko eta munduko beste arrozak ezagutzeko aukera bikaina da”, azaldu dute arduradunek.
Arrozek gero eta dimentsio handiagoa hartzen dutela esan du Ideasur taldeko arduradun batek, eta herrialde askotan kalean sukaldatzea tradizioa dela aitatu du: “Familia osoa elkartzerakoan kalean sukaldatzen dugu munduko zenbait tokitan, eta jai honek familiako ohiturak gogoratzea eragiten digu. Ederra da”.

Gaurko jaia AEK, Astra, Gernika Gogoratuz, Gernikatik Mundura, Ideasur, Ongi Etorri Busturialdeko Harrera Taldea eta 1 de decembre elkarteak sustatu dute, eta menu aberatsa sukaldatzea lortu dute.