Kosnoagako igerilariak domina andanarekin itzuli dira Bizkaiko Udako Txapelketatik
Haur mailan Ane Obietak eta Aimar Ondarzak lortu dituzte domina gehien. Juniorretan, aldiz, Maialen Foruria eta Garazi Bengoetxea nabarmendu dira gainerako igerilariengandik.
Bizkaiko Udako Igeriketa Txapelketak lehiatu zituzten, Getxon, aurreko asteburuan [uztailak 5-7] txiki, junior eta absolutu mailetan. Gernika-Lumoko Kosnoaga Igeriketa Taldeko kirolariek domina andana eskuratzeaz gain, errekorrak ere ezarri zituzten hainbat modalitatetan.
Igerilari txikien mailan Ane Obietak lortu zituen domina gehien, urrezko eta zilarrezko bina, eta brontzezko bat. Izan ere, inork baino azkarrago egin zuen igerian 50 eta 200 metro bizkarrez modalitateetan (maila absolutuan bigarren egin zuen proba laburrean, eta hirugarrena izan zen luzean). Horrez gain, ezin izan zuen 100 metroko lasterketan aurkaria garaitu.
Mutiletan, Aimar Ondarza urrezko bost dominarekin bueltatu zen etxera. Bizkarrezko modalitatean lehiatu zituen proba guztiak irabazi zituen, gainera, 50 eta 10 metroetan errekorrak ezarriz (15 urteko azpikategorian). 100 metro estiloetan ere lehenengoa izan zen.
Erreleboetako probetan, 4×200 saio askeetan, garaile izan ziren Kosnoagako neska-mutilak, baita 4×100 estilo modalitateko mutilak ere.
Junior mailan, bestalde, Maialen Foruria eta Garazi Bengoetxea nabarmendu ziren gainerako igerilariengandik. Sei eta zazpi domina lortu zituzten Getxon, hurrenez hurren. Foruriak urrezko hiru lortu zituen: 100 metro estiloetan (16 urteko azpikategorian Bizkaiko errekorra) eta bularrezko 200 metroetan (baita proba absolutuan ere). Bengoetxeak, aldiz, bost eskuratu zituen: 400 eta 800 metro askeetan, zein proba absolutuetan, eta 200 metro tximeleta modalitatean.
Erreleboetan, aldiz, 4×100 eta 4×200 proba librean Kosnoagako neskak gailendu egin ziren.