Giro "itzelagaz" hasi dituzte Ilunabarrak plazan
Giro ezin hobean 100 lagun baino gehiago batu ziren Loiolako plazan, atzo. Nebbianen kontzertuaz gozatu zuten, eta orain, hurrengo iluntzerako prestatzen dabiltza.
Ilunabarrak plazan udako zikloa martxan jarri dute Arratzuko herritarrek. Herriko jende gazte, nagusi zein haurrei eskaintza kulturala emateko asmoz abiaraztea pentsatu zuten, eta atzo egin zuten lehen saio arrakastatsua.
Nebbian bikotearen doinuek musikatu zuten Loiolako plaza, eta bertan 100 lagun baino gehiago batu zirela diote arduradunek: “Aurreikuspenak gainditu ditugu, ez genuen hainbeste jende espero”. Hasiera ona eman diote, eta “pozik” daude jasotako erantzunagaz, izan ere, adin tarte guztietako herritarrak elkartu ziren.
Datorren eguenean (uztailak 18) jolasek hartuko dute folk bikotearen lekukoa. Talde lana sustatuko dituzten jolasak izango dira protagonistak: “Ez dira irabaztean edo galtzean oinarrituko, talde lana sustatuko dute”.