Bermeotar bat zendu da bi autoren arteko istripuan, Mundakan
40 urteko emakumezko bermeotarra hil da bi autok aurrez aurre talka egin ondoren. Beste autoko gidaria zaurituta eraman dute Gurutzetako ospitalera. Istripuaren ondorioz bidea guztiz moztu dute, baina txandakako zirkulazioa ezarri dute orain.
40 urteko emakume bermeotarra zendu da, eta bigarren autoko gidaria zaurituta eraman dute Gurutzetako ospitalera; 35 urteko Mundakako bizilaguna da zauritutakoa.
Trafiko zuzendaritzak azaldu modura, bi autoek aurrez aurre elkar jo dute BI-2235 errepidean, Mundakako irteeran dagoen gasolindegiaren parean, Bermeoranzko norabidean. 17:15ean gertatu da istripua, eta talkaren eraginez, zendu da gidari bermeotarra.
Auto ilara luzeak. Istripuaren ondorioz bidea moztu behar izan dute ertzainek, “gertatutakoa aztertzeko”. Hala, ordu erdi inguruz guztiz moztuta egon da errepidea, eta auto ilara luzeak eragin ditu horrek. Bermeora arteko ilarak sortu dira. Egin beharreko ikerlanak eginda, txandakako zirkulazioa ezarri dute 19:30ean.