Hodei artean ere, San Pedro Jaietan bero
Busturialdeko herri eta auzoetan San Pedro Jaiak ospatzen ari dira asteburuan. Eguzkia izkutatu egin bada ere, eguraldia lagun dutela dabiltza bizilagunak jai giroan.
Asteburua iristearekin batera eguzkia izkutatu egin da, hala ere, bero egiten jarraitzen du, eta Busturialdeko herri zein auzoetako bizilagunak kalera irten dira sanpedroak ospatzera.
Atzo eguerdian hasi zituzten mundakarrek herriko jaiak, Txilipitxeruek Kultura Elkartearen bertso poteoagaz. Eguraldia lagun, herritarrak tabernaz taberna mugitu ziren trikitilariek lagunduta. Izan ere, musikak girotu zuen eguna. Arratsaldean, Jose Mari Egileor Txistulari Elkartearen kalejira tradizionalak buruhandien laguntza izan zuen, eta gauez, Altxa Porru erromeriak dantzan jarri zituen bertaratutakoak.
Urtero bezala, herri bazkaria eta kuadrillen jaitsiera izan ziren jarduera nagusiak. 150 bat lagun elkartu ziren 15:00etan plazan bazkaltzen, eta iluntzean Basaranetik behera kuadrillen jaitsiera egin zuten. “Herri guztiak parte hartu zuen eta oso momentu berezia izan zen”, adierazi dute Txulipitxeruek Kultura Elkarteko kideek. Herriari buelta eman eta txosnetan bukatu zuten jaitsiera.
Gaur, San Pedro egunean, mezaren ostean txistularien kalejirak alaitu ditu kaleak beste behin, eta santuaren omenezko prozesioa gidatuz, Mundakako txokoak zeharkatu dituzte. Behin plazara helduta, Ohorezko aurreskua dantzatu dute Gaztezar dantza taldeko neskek. Bermeon ere beste horrenbeste, 10:30ean San Pedroren prozesioa izan dute Alde Zaharrean eta portuan.Bazkalorduan, Arraun elkarteko kideek sardina jana prestatu dute, txosnagunean.
Arratsaldean gaztetxoen arteko pilota partiduak jokatu dituzte frontoian, eta ostean, Egunsenti Dantza Taldearen emanaldira bertaratzeko aukera izan dute bizilagunek. Gauez, rock kontzertuak izango dituzte plazan. Domekan, aldiz, herri kirolak lehiatuko dituzte herrian herrian.
Elantxoben ere atzo eman zieten herritarrek jaiei hasiera. Pala eta esku pilota txapelketak izan zituzten, batetik, eta herri kirolen erakustaldia, bestetik. Gaur, Ibarrangeluko Lorea dantza taldearen ikuskizunaz gozatu dute 13:00etan, eta arratsaldean Mus Txapelketa jokatu dute. Gauean, berriz, disko festa eta erromeria izango dituzte elantxobetarrek dantzan zein kantuan aritzeko. Horrez gain, San Pedro Txiki eguna ospatuko dute bihar. Urtero legez, Marmitako Lehiaketa izango da jarduerarik bereziena.
Gernika-Lumon, bestalde, Lumo auzoan dabiltza San Pedro Jaiak ospatzen. Goizean jaurti dute txupina, eta jarraian mezatara joan dira auzotarrak. Tortilla txapelketa antolatzen dute urtero, eta oraingoan ere hala izan da. Herri bazkariaren ostean, idi probak izan dituzte. Bizilagun ugari hurbildu dira lehiakideak animatzera, eta ez dituzte poteak faltan izan. Bihar, Marmitako Lehiaketaz gain, igel-toka zein futbolin txapelketak jokatuko dituzte auzoan. Arratsaldean, txokolatada izango dute, eta ilunztean jai bukaerako txupina jaurtiko dute.