Unai Rementeria berraukeratu dute ahaldun nagusi
Gernikako Batzarretxean egin dute ahaldun nagusia aukeratzeko bozketa, arratsaldean, eta sozialisten zortzi botoei esker, lehen bozketan, gehiengo osoz izendatu dute. Datozen lau urteotan alboan izango dituen diputatuak aurkeztu ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusiek Unai Rementeria Maiz mundakarra berrautatu dute Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren karguagaz jarraitzeko. Gaur Gernika-Lumoko batzarretxean egindako bilkuran, lehen bozketan, gehiengo osoa lortu du. Alderdikideen 25 botoekin eta sozialisten zortzirekin hautatu dute (26 boto behar dira gehiengo osoa izateko).
Hiru ahaldun nagusigairen artean bozkatu dute batzarkideek, Rementeriaz gain, EH Bildutik Bea Ilardia eta Elkarrekin Podemosetik Eneritz De Madariaga aurkeztu dira. Hiru hautagaiek datozen lau urteotarako egitasmoak aurkeztu dituzte goizean, eta 17:45ak aldera hasi dute ahaldun nagusia aukeratzeko bozketa. Ilardiak bere taldearen 10 botoak eskuratu ditu, eta Madariagak bere alderdiaren sei botoak; bi batzarkide popularrek zuriz bozkatu dute.
Ohitura legez, aginte makila eskuratuta, Rementeriak Gernikako Arbolaren aurrean zin egin du, eta ondoren gobernu taldea zein izango den iragarri du. Bost emakumez eta bost gizonezkogaz osatutako gobernu “indartsua” izango dela azpimarratu du, “esperientziaz eta ilusioz” betetakoa. “Zintzotasunez eta umiltasunez lan egingo dugu; denontzat lan egingo dugu. Gobernu ezinhobea da Bizkaiarentzat”, esan du.
Aurreko lau urteotako zortzi diputatuetatik zazpik jarraituko dute aldundian: Ibone Bengoetxeak (Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua), Imanol Padralesek (Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua), Teresa Laespadak (Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua), Lorea Bilbaok (Euskera eta Kultura foru diputatua), Jose Maria Iruarrizagak (Ogasun eta Finantzetako foru diputatua), Elena Unzuetak (Iraunkortasuna eta Inguru Naturaleko foru diputatua)eta Miguel Angel Gomezek (Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioko foru diputatua). Orain arte Gizarte Ekintzako foru diputatua izan den Isabel Sanchez Roblesen lekua Sergio Murillok hartuko du, eta Ainara Basurko izango da Sustapen Ekonomikoaren foru diputatua.
Protokoloa zorrotz jarraituz egin dute kargu hartze ekitaldia. Gernikako Arbolaren aurrean, Agirre Lehendakariaren berbak errepikatu ditu Rementeriak: “Jainkoaren aurrean apalik, Bizkai-lur gainean zutunik, asaben gomutaz Gernikako zuhaitzpean neure agindua ondo betetzea zin dagit”. Argazki ofizialak atera ondoren, batzarretxe barrura sartu, eta ohorezko aurreskua dantzatu diote Mundakako dantzariek (tartean Mikel Bilbao alkateak) eta txistulariek eta Agur Jaunak jo dute.
Goizeko saioan, zein bere gobernu programa aurkeztu du. Esaterako, aldundi indartsu batek Bizkaia indartzen laguntzeko ahalmena duela adierazi du mundakarrak. Bizkaitarrek erakunde indartsuak gura dituztela azpimarratuz, “erabakiak hartzen dituzten erakundeak”. Egonkortasuna duen aldundi bat eratzearen garrantzia aitatu du, eta hori sortzea dela EAJren konpromisoa.
Ilardia, bestalde, Bizkaia hobetzeaz mintzatu da: “EH Bilduk argi dauka: Bizkaiak aurrera egin behar due eta hobetu egin behar du. Batzuk egonkortasuna ikusten duten lekuan, guk konformismoa ikusten dugu”. Lau urte igarota, erronka berberak planteatzen ari direla zehaztu du: “Urte asko dira aldarrikapen berdinekin jarraitzeko. Ezin dugu onartu arazo berdinei buruz hitz egiten jarraitzea. Benetan hobetzen jarraitu behar dugu, berba hutsetan geratu barik. Ez gara geunden egoeratik asko mugitu, autokritika sanoa dela iruditzen zaigu eta guk argi dugu; autokritika beharrezkoa da”.