Herriko nortasuna eta bizimodua ezagutzera emango dituen 'Bizi Bermeo' egitasmoa abiarazi dute
Hainbat jarduera biltzen dituen eskaintza bateratua sortu dute Bermeoko Udalak eta Bermeo Tuna World Capitalek.
Bermeo Tuna World Capital elkarteak eta Bermeoko Udalak kostako herriak itsasoagaz eta arrantzagaz duen lotura agerian uzteko proiektua eratu du. Bizi Bermeo–k herritarrek itsas ondareakiko duten nortasuna eta bizimodua islatu eta hori ezagutzera emateko helburua du.
Gaur goizean batu dira Aritz Abaroa Bermeoko alkatea, Leire Egiarte BTWC elkarteko ordezkaria eta Bego Gangoiti Bermeoko turismo bulegoko arduraduna egitasmo berria aurkezteko.
Abaroaren berbetan, Bermeok “itsasoagaz lotuta duen ondare guztia balioan jartzeko eta ezagutzera emateko” eskaintza bateratu bat sortu dure. Modu horretara, bisitariek zein herritarrek Bermeoko ondare garrantzitsua ezagutzeko aukera beraien eskura edukitzea nahi dute.
Bermeo hegaluzearen sektorean “erreferentziazko herria” dela aldarrikatu du Egiartek. “Gure tradizio historikoagatik, hegaluzearen eta kontserben sektoreen eragin sozial eta ekonomikoagatik, eta mundu mailako erreferentea izateagatik arrantza jasangarriaren praktikarik onenetan”.
Bisitak. Guzti hori Bermeo bisitatzen dutenei adierazteko bide bezala eratu dute proiektua. Hori lortzeko, besteak beste Bermeoko arrain kontserba lantegiak, arrantzaleen kofradia eta Arrantzaleen museoa ezagutzeko bisitak antolatu dituzte.
Arrain Kontserbetako bisitei dagokienez, Arroyabe, Salica, Serrats eta Zallo enpresek parte hartuko dute ekimenean. Zehazteko dauden asteazken eta larunbat batzuetan egingo dituzte, eta bisitagaz batera dastaketak ere egingo dituzte. Prezioa, dastaketa barne, 8 eurokoa izango da.
Bermeoko Arrantzaleen Kofradiako bisitak ostiraletan eta larunbatetan egingo dituzte. Bisita horietan Bermeoko arrantzari lotutako gaiak azaltzen ariko dira sareginak,neskatilak eta itsasontzietako herriko emakume langileak. Berriz ere, arrain dastaketa batekin gozatzeko aukera edukiko dute parte hartzen dutenek, eta 8 euroko prezioa izango du.
Arrantzaleen Museoak BTWC proiektuari buruzko bisita gidatuak eskainiko ditu, besteak beste. Astearteetan 10:30ean egingo dituzte. Prezioa 3,5 eurokoa da eta 1,75 euro sarrera murriztua dutenentzat; 2 urtetik beherakoentzat doakoa izango da.
Aipatutako ekimenetan parte hartzeko erreserbak Bermeoko Turismo Bulegoan egin beharko dira, 94 617 91 54 telefonora deituta edo turismoa@bermeo.eus helbide elektronikora idatzita.
Horiez gain, Gaztelugatxeko San Juan bisitatzeko ekintzak ere prestatu dituzte egitasmoaren baitan. 10:00etatik 16:00ak arte izango dira baselizan, ordu puntuetan euskaraz eta erdietan gaztelaniaz. Bisitak erreserbatu egin beharko dira esteka honetan.
Turismo bulegoko arduradunak azaldu duenez “Gaztelugatxeko San Juan, berarekin lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta batez ere itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura” ezagutzeko aukera eskainiko diete bai ingurutik zein kanpotik etorritako bisitariei. Herriko itsasontzietan bidaiak egiteko aukera ere eskainiko du Bizi Bermeo-k.
Aipatutako ekintzetan parte hartzeko pertsona kopuru minimo bat ez dela beharrezkoa azaldu du Gangoitik, “banaka, binaka, edota taldeka egin daitezkeelako”.
Gastronomiak ere bere lekua izango du egitasmoaren barruan. Bermeo Tuna Pintxo Tour ekimenean herriko 20 taberna inguruk parte hartuko dute, hegaluzea erabilita sortutako pintxo sorta eskaintzeko. Herriak “itsasoagaz, arrantzagaz eta hegaluzeagaz duen lotura azpimarratu” nahi dute era horretara, baita “tokiko produktua sustatu” ere.
Turismo jasangarriaren alde. Bizi Bermeo barnean aurkeztutako eskaintza udala “Urdaibairako prestatzen ari den turismo jasangarrirako Europako kartarekin bat” datorrela nabarmendu du Abaroak, ekoturismoa bultzatzen baitu.
Gainera, Bilbao Bizkaia marketing planak eta Basquetour-en euskal kostaldeko plangintzak ezarritako ildoak jarraitzen dituela ere azpimarratu du, “arrantza mundua sustatzen duen heinean”.
Bermeoko alkateak eta BTWC elkarteako ordezkariak pertsona guztiak gonbidatu dituzte ekimenagaz gozatzera. “Itsasoa eta arrantzari lotutako Bermeoren nortasuna eta bizimodua ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du ekimen ezberdinen bitartez. Bizi Bermeo!”.