Uztailaren 3an bukatuko da Eako Txipiroi BTT eta mendi trail lasterketetan izena emateko epea
Proba bizikletaz egin nahi dutenek hiru ibilbide izango dituzte aukeran: 17 km, 32 km eta 42 km. Korrikalariek, aldiz, 21 km egin beharko dituzte eta Bizkaiko Mendi Lasterketa Ligarako zein Urdaibai Koparako puntuagarria izango da.
Uztailaren 6an egingo dituzte aurtengo Eako Txipiroi BTT eta trail probak, eta bertan parte hartu nahi dutenek uztailaren 3ra arte izango dute Internet bidez izena emateko aukera. Begi Handi Txirrindulari Elkarteak antolatu ditu, eta kostaldea ezagutzeko aukera eskaintzen duela adierazi dute.
Bizikleta martxan parte hartu nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte herrikrosa.eus atarian sartuz, eta kamiseta bat jasoko dute oparitan. Tokirik izanez gero, egunean bertan ere eman dezakete interesatuek izena, 20 euro ordainduz. Gehienez, 150 partaidek eman ahalko dute izena.
Mendi lasterketari dagokionez, Urdaibai Koparen webgunean izango dute korrikalariek izena emateko aukera. Federatutako kirolariek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabe daudenek, 15 euro. Egunean bertan proban parte hartzera animatzen diren federatuek ere 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabekoek 18 euro. 100 korrikalaritan jarri dute antolatzaileek aurtengo muga eta 18 urte baino gehiago izan behar dute.
Ibilbideak. BTTan parte hartu nahi dutenek hiru ibilbide izango dituzte aukeran, iaz bezala. Laburrenak 17 kilometro eta 700 metroko desnibel positiboa dauzka. Tartekoak, aldiz, 32 kilometro izango ditu, eta 1.300 metrotako desnibela. Ibilbide luzeenak, aldiz, hamar kilometro gehiago (42km) eta 1.850 metrotako desnibela. 09:15ean hasiko dute martxa, eta ez da lehiakorra izango. Txirrindularien denborekin sailkapen bat osatuko dute, ibilbideak egiteko behar izan duten denbora ezagutzeko baino ez bada ere. Hala ere, ez dute saririk banatuko. Izena emandako parte hartzaile guztien artean opariak banatuko dituzte.
Mendi lasterketan lehiatzea erabakitzen dutenek, bestalde, 21 kilometroko eta 1.000 metrotako desnibel positiboa duen ibilbideari egin beharko diote aurre, 10:45ean hasita. Lehen hiru gizon eta emakumezkoak sarituko dituzte trailean, garaikurrak azken korrikalaria helmugaratu ostean jasoko dituzte.
Lasterketa puntuagarria. Eako Txipiroi proba Bizkaiko Mendi Lasterketa Ligarako eta Urdaibai Koparako puntuagarria izango da. Otsailaren 17an ekin zioten Bizkaiko Ligari eta Eako Txipiroi Mendi Lasterketa denboraldiko zortzigarren proba da. Urdaibai Kopa, bestalde, martxotik urrira lehiatzen dute korrikalariek eta lau probek osatzen dute aurten: Ibarruriko, Gernika-Lumoko, Eako Txipiroiko, Arteagako lasterketek.