Urdaibaik seigarren hasi du Eusko Label Liga
Denboraldiko lehen bi estropadetan bosgarren sailkatu dira bermeotarrak; Oriok irabazi ditu Bilboko eta Zierbenako banderak.
40 estropadetan lider izan eta iazko TKE Liga irabazi ostean, Urdaibaik ezin izan dio denboraldi berriari lehen postuan ekin. Bilbon zein Zierbenan bosgarren postuarekin konformatu behar izan dute Bermeoko arraunlariek, eta sailkapen orokorrean seigarren daude. Iaz erakutsi zuten nagusitasunak ez du jarraipenik izan lehen estropadetan, eta orain ikusteke dago datozen jardunaldietan egoerari buelta emateko gai izango ote diren.
Denboraldiko lehen bi banderak lehiatu dituzte asteburuan Eusko Label Ligako arraun taldeek, eta irabazle bakarra izan da: Orio. Zapatuko [ekainaren 22a] Bilboko X. Banderan hamabi taldeetatik azkarrena izan zen 19 minutu eta 31 segundoko denborarekin. Denboraldiko erlojupeko bakarra lehiatu zuten Nerbioi ibaian, eta gipuzkoarrek tarte handia atera zieten gainontzeko traineruei. Santurtzik, ezustekoa eman eta bigarren postua lortu zuen, 13, 42 segundoko gehiago behar izan zituen; Zierbenak segundo bat gehiago. Hondarribiarentzat izan zen laugarren postua eta Urdaibaik irabazleek baino 14,14 segundo gehiago behar izan zituen.
Liga irabazteko asmoarekin atera baziren ere, Bilboko bandera kolpe latza izan zen bermeotarrentzat. Lehen luzean jada, zazpi segundo ateratzen zizkion Oriok, eta hurrengoetan tartea handitzen joan zen. Hirugarren txandan lehiatu zuen erlojupekoa eta denborarik kaskarrena egin zuen bertan. Hala ere, Donostiarrari bederatzi segundo atera zizkion, eta gainontzeko traineruak nabarmen izan zituen atzetik sailkapen orokorrean. Estropada bukaeran patroi onenaren saria eman zioten epaileek Eneko Bilbao Urdaibaiko patroiari.
Asteburu horia. Domekako [ekainaren 23a] estropadan lehengo lepotik burua. Zierbenako Petronor Banderan ere garaile izan zen Orio, eta Urdaibai bosgarren sailkatu zen. Ezustekoa Donostiarrak eman zuen, Bilboko seigarren postua eta gero, bigarrenera salto egin baitzuen. San Nikolas ontziak baino hiru segundo gehiagoko estropada egin zuen.
19 minutu, 25 segundo eta 92 ehunen. Hori izan zen oriotarrek ohorezko txandan ezarri zuten denbora. Zierbena, Santurtzi eta Hondarribia izan zituen Oriok lehiakide, baina lehen ziabogatik erakutsi zuten gehiago zela.
Urdaibaik Kaiku, Donostiarra eta Ondarroa izan zituen aldamenean bigarren txandan, eta oraingoan Donostiarra baino ez zuen aurretik izan. Bermeotarrek txandako irabazleek baino bost segundo gehiago behar izan zituzten (19 minutu eta 41 segundo).
Sailkapen nagusian, Orio da liderra 24 punturekin, eta Zierbena du atzetik, 20rekin. Hirugarren eta laugarren postuetan Donostiarra eta Hondarribia daude, 18 puntu dituzte; Santurtzik 17 eta Urdaibaik bat gutxiago dauka, 16 puntu. Kaikuk, Ondarroak, Cabok, San Pedrok eta Astillerok osatzen dute sailkapena.