Oriok irabazi du XXXII. Elantxobeko Traineru Estropada
Bermeo B eta Busturialdea bigarren txandan atera dira, eta sailkapen nagusian elkarren atzetik daude: Seigarren eta zazpigarren, hurrenez hurren.
XXXII. Elantxobeko Traineru Estropada lehiatu zuten atzo [ekainaren 23a] KAE2 Ligako taldeek. Denboraldiko bigarren jardunaldia izan zen, eta Oriok garipena ez ezik, sailkapen nagusiko lidergoa ere eskuratu zuen.
Ohorezko txandan biagarren kaletik ekin zion talde oriotarrak, eta lehen ziabogan 5 minututik beherako denbora ezarri zuen bakarra izan zen (4 minutu eta 57 segundo). Lehen luzean lortutako tartea mantendu zuen bigarrenean ere, baina hirugarrenean Getxok estu hartu zuen talde gipuzkoarra. Txandaren bukaeran bost segundo atera zizkion Oriok talde getxoztarrari. Garaipen banarekin, 21 puntutara berdinduta daude biak sailkapen nagusian.
Bigarren txandan lehiatu ziren Bermeo B eta Busturialdea. Hirugarren eta laugarren kaletik ekin zioten estropadari baina Castro izan zuten biek ala biek aurretik. Hala ere, lehen ziabogan talde bermeotarrak denborarik onena ezarri zuen, erlojua bost minututan geldiaraziz, eta hamar segundo gehiago behar izan zituen Busturialdeak. Hurrengo bi ziabogetan, ordea, Castro nagusitu zen, eta gainerako traineruek ezin izan zioten aurre hartu.
Parez pare. 21 minutu eta 12 segundoko denbora ezarri zuen Bermeok, Elantxobeko Banderako irabazleak baino hamazortzi segundo gehiago; bosgarren sailkatu zen. Busturialdeak aldiz, zazpigarren postuan bukatu zuen, 21 minutu eta 19 segundoko estropada eginda. Sailkapen orokorrari dagokionez, seigarren eta zazpigarren postuetan daude, hurrenez hurren. Talde bermeotarrak 14 puntu ditu, eta Busturialdeak lau gutxiago.