Jesus Burgosek Gernika Sporting Futbol Taldearen presidente izateari utziko dio
Roman Atxirikak hartuko du kargua, eta helburua pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan diren taldeak berreskuratzea dela dio. Berriz ere, herriko bigarren klub garrantzitsuena bilakatzea da egitura berriaren asmoa.
Gernika Sporting Futbol Taldeak presidentea aldatuko du domekan [ekainaren 23a]. 38 urteren ostean, Jesus Burgosek kargua utziko du eta etorkizunera begira lan egingo duen talde gazteago batek hartuko du aurrerantzean ardura.
Roman Atxirika izango da presidente berria, Ager Estebanez presidenteordea, eta Igor Goiriena idazkaria. Gorka Atxirikak, Roberto Ruedak, Peru Gartziak eta Jesus Sanchezek osatuko dute egitura berria. Denak klubeko jokalari izandakoak dira.
Azken bospasei urteetan Gernika Sportingek maila ezberdinetako taldeak galdu ditu pixkanaka-pixkanaka, eta zuzendaritza talde berriak “klubak herrian historikoki izan duen pisua eta tokia berreskuratu” nahi ditu. “Gernika-Lumoko bigarren talde garrantzitsuena izan nahi dugu berriz ere”, adierazi du domekatik aurrera presidentea izango den Atxirikak. Klubaren berregituraketa martxan dago jada, eta besteak beste, 2019-2020 denboraldian kadete eta gazte mailako taldeak berreskuratuko dituzte.
Jokalari ohien partida. Bihar, Gernika Sporting taldeko jokalari ohiek Zornotzako Futbol Taldeko jokalari ohien aurkako partida jokatuko dute Urbietako zelaian, 13:00ean. Uztailaren 27an, berriz, klubaren eguna ospatuko dute, urtero legez. Eta abuztuaren 24an III. Urdaibai Kopa Txapelketa lehiatuko dute Bermeo B, Gernika B eta Erandio B futbol taldeekin batera.