Kolore berdea nagusitu da Urdaibai Eskubaloi Taldearen jaian
400 bat pertsona batu dira merezitako bukaera emateko, Santa Katalina Baseliza aurreko zelaian. Gaztetxoenek gogotsu hartu dute pankarta tailerra; zortzi parkarta margotu dituzte eta hurrengo denboraldiko partiduetan erabiliko dituzte.
Jai giroan agurtu dute Urdaibai Eskubaloi Taldeko kideek aurtengo denboraldia. Bermeotik Mundakara egindako mendi martxa eta gero, Santa Katalina Baseliza aurreko zelaian batu ziren taldeko jokalariak eta gurasoak, zapatuan [ekainaren 15a]. Guztira, 400 bat lagun elkartu ziren, eta klubeko arduradunek adierazi dutenez, eguraldia lagun, egunaren “balorazioa positiboa” izan zen: “Eguraldi ederra izan genuen eta horrek jendea etortzera animatu zuen. Euria egin izan balu, polikiroldegian ospatu beharko genuen jaia, eta gehiegi gara barruan egoteko…”.
Aurtengo jaialdiko berrikuntza nagusia pankarta tailerra izan da, eta gaztetxoenek gogotsu hartu zuten ekimena: “Guztira zortzi pankarta margotu genituen taldearen armarria eta kolore berdea nabarmenduz. Hurrengo urteko denboraldiko partidetan erabiliko ditugu”.
Bazkalostean, Santa Katalina baseliza aurrean familia argazkia atera zuten eskubaloi taldeko kideek: “Adin guztietako pertsonak daude taldearekin bat eginda, eta denak elkartzen garenean konturatzen gara familia bat garela. Atera dugun argazkiak islatzen du zer nolako kluba garen”. Ostean, denboraldiko jokalari iraunkorrenak saritu zituzten, “denboraldian eredugarri izan diren jokalariak, eta ez onenak edo gol gehien sartu dituztenak”. Txikienei, berriz, medaila bat eta Urdaibai eskubaloi Taldearen ur botilatxo bat oparitu zieten.
Selekzio Txapelketa. Ekainaren 22an [zapatua] XIV Emakumeen Gaztetxoen Selekzio Txapelketa jokatuko dute, Mundakan bertan. Urtero jokatzen duten txapelketa da, eta Urdaibai Eskubaloi Taldeko neskek Bizkaiko selekzioa izango dute aurrez aurre. Errioxako selekzioak, aldiz, Gipuzkoakoa. Finala 18:00etan jokatuko dute.