Herriko dantzarien eskutik, jaien hasiera paregabea
Ibarrangeluko taldeak izango dira protagonista nagusiak Gorpuzti jaien lehenengo asteburuan. Tradizioa jarraituz, marinelen bazkarian batuko dira etzi, eta herri bazkaria egingo dute zapatuan Ibaetako frontoian.
Badatoz. Iritsi dira herriko jai nagusiak. Gorpuzti Eguna da bihar, eta herriko jai nagusiei izena jartzen dien santuaren eguna ospatuko dute Ibarrangelutarrek.
Heldu dira tradizioan oinarritutako gorpuztiak, eta beste urte batez, denen gozamenerako ekintzez betetako egitarau zabala antolatu dute. Hala, ume, gazte zein nagusiek denetariko ekintzekin gozatzeko aukera izango dute hurrengo bi asteburuetan.
Meza Santuan batuko dira gaurkoan, eta trikitilariak izango dira Elexalde ingurua girotzeaz arduratuko direnak eguerdian. Arratsaldean, berriz, jai giroak jarraituko du eliza inguruan. Izan ere, herriko tabernek pintxopote berezia prestatu dute iluntzerako; aurten lehenengoz egingo dute pintxopote berezia.
Txupina dantzarien eskutik. Etzi herriko jai nagusien txupinazoa dute ibarrangelutarrek. Iaz egin modura, aurten ere herriko Lorea Dantza Taldearen kideak izango dira txupina jaurtitzearen arduradunak; orduan hasiko dira ofizialki gorpuztiak. Ibarrangeluko Trikitixa Gazte Taldeak girotuko du hain une berezia.
Txupina bota aurretik, baina, herriko marinel eta arrantzale ohiek urteko hitzordu berezia edukiko dute. Azken urteetan egin legez, itsas zeharkaldian batuko dira marinelak, eta itsasoan garai batean bizitako kontuak gogoratuko dituzte. Gero, Lagako Toki Alai Jatetxean bazkalduko dute.
Eguna Lekeitioko Aittitta Makurra txarangagaz agurtuko dute, baina iluntzean bertsolariek hartuko dute Elexalde. Ander Elortegi, Ibai Amillategi eta Etxahun Lekueren bat bateko bertsoak entzungo dituzte Ibarrangelura hurbiltzen direnek.
Herri bazkaria. Zapatuan, Bermeoko erraldoi eta buruhandien eta eskualdeko dultzaineroen bisita jasoko dute eguerdian, eta bazkalorduan frontoian elkartuko dira herritarrak, herri bazkariko giro ederrean. Betiko moduan, Esteibarrek eta Obietak izango dute bazkalostea alaitzeko ardura, eta arratsalde eta gauean musikarik ez da faltako.
Disko festa egingo dute Zerbikide taldeagaz Eleixalden, eta 22:30etik aurrera hiru talde igoko dira oholtzara: Lekeitioko Etsaiakeroak, Gernika-Lumoko The Riff Truckers eta Ondarroako Joxpa erromeria taldea.
Domekan, herriko taldeek izango dute protagonismoa. Txistulariak goizetik aterako dira kalera, eta dantzariek ikuskizuna eskainiko dute San Joan egun eguerdian. Elexalden jarri dute hitzordua.
Sua, baina Ibaeta inguruetan piztuko dute, eta txokolate eta txitxiburduntzi inguruan berotuko dituzte gorputzak.
Egitaraua
Bihar.
12:00. Meza Santua San Andres elizan.
12:30. Trikitixek girotuta, pintxo potea Elexaldeko tabernetatik zehar.
20:00. Tabernek antolatutako pintxopote berezia.
Etzi.
10:30. Herriko itsasgizon eta arrantzaleen itsas ibilaldia. Zeharkaldia bukatuta, Lagan bazkalduko dute.
20:00. Txupinazoa. Lorea Ume Dantza Taldeak botako du txupina aurten. Ibarrangeluko Trikitixa Gazte taldeak girotuko du iluntzea.
21:00. Bertso poteoa Elexalden.
23:00. Aittitta Makurre txaranga Elexalden.
Zapatua (Ekainak 22)
12:30. Kalejira Ibaetatik Elexaldera. Bermeoko Erraldoien eta Buruhandien konpartsak alaituko ditu herriko kaleak. Busturialdeko dultzaineroak ere egongo dira.
15:00. Herri bazkaria frotoian.
17:00. Erromeria Ibaetan Esteibar eta Obietagaz.
18:00. Haur jolasak Ibaetan. Haizeder Handitzen elkarteak antolatuta.
20:00. Familientzako disko festa Elexalden Zerbikideren eskutik.
22:30. Kontzertuak Elexalden. Etsaiakeroak, The Riff Truckers eta Joxpa.
Domeka (Ekainak 23)
10:00. Diana txistulariekin.
11:00. Meza nagusia San Andres elizan.
11:30. Lorea Ume Dantza Taldearen eskutik euskal dantzen ikuskizuna Elexalden.
17:00. Puzgarriak eta apar jaia Ibaetan.
21:30. San Juan sua Ibaetan.
22:00. Txokolate jana eta txitxiburduntzia Ibaetan.
Zapatua (Ekainak 29)
12:00. Paella Txapelketarako izen ematea Elexalden.
14:00. Paellen aurkezpena.
17:00. Pilota partiduak Ibaetan. Umeen esku pilota eta pala partiduak lehenengo. Gero, emakume profesionalen eskupilota partidua, eta bukatzeko gizonezkoena: Bengoetxea VI edo Urritikoetxeak Arangurenegaz jokatuko du Victor eta Aretxabaletaren aurka.
20:30. Triki poteoa EinGo taldegaz Ibaetan.
Domeka (Ekainak 30)
08:30. Mezndi martxa luzearen hasiera Elexalden.
10:30. Mendi martxa laburraren hasiera Elexalden.