Basoen erabilpen anitzaz hitz egingo dute bihar, Elai-Alai areto txikian
Baso bainuen onurak landuko dituzte bihar Elai-Alai aretoan. Dafne Mazo Urremendi Landa Garapenerako Elkarteko lehen sektoreko teknikaria eta Alex Gesse AEBtako Baso eta Natura Terapia Programaren eta Giden Elkarteko Europako kordinatzaileak azalduko dituzte eskualdean bultzatu gura dituzten proiektuak.
Baso bainuak izango dituzte ardatz bihar Elai-Alai areto txikian emango duten hitzaldian. Basoen erabilpen anitzetako bat dira baso bainuak, eta horiek eskaintzen dituzten onurei buruz hitz egingo dute 18:30etik 20:00etara bitartean.
Basoetatik txangoa egitea osasunerako onuragarria dela aspaldiko sinismena dela diote Lurgozoko arduradunek. Hala, horri buruzko hitzaldia prestatu dute: “Osasuna berreskuratzeko basora joatea antzinako filosofia da, baina 80. hamarkadan Japonian hasitako ikerketek osasun arduradunen arreta deitu dute, mundu mailan ezaguna egin arte”.
Osasunaren kalteak prebenitzeko hainbat jarduera eta baso ibilbide garatu dira azken urteetan, “emaitza zientifiko eta praktikoak ikusgarriak izan direlako”. Horregatik, Busturialdean baso bainuak ezartzeko eta dinamizatzeko proiektua garatzen ibili dira Urremendi Landa Garapenerako Elkartea, Bizkaiko Basogintza Elkartea eta Senideen eta Gaixotasun Mentalaren Bizkaiko Elkartea. 2018an hasi zuten proiektua, eta zuhaitzez betetako baso lurretan xede terapeutikoak dituzten jarduerak ezartzea eta dinamizatzea dute helburu.
Egitasmo horren nondik norakoak azaltzeaz arduratuko da bihar Dafne Mazo Urremendi Landa Garapenerako Elkarteko lehen sektoreko teknikaria. Izan ere, proiektu horrek Busturialdeko lehen sektoreko, gizarteko eta osasungintzako eragile gehienak batu gura ditu. “Eskualdeko lurren zuhaiztiek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoek onartzen dituzten jarduera terapeutikoak zerrendatu gura ditugu”.
Liburu aurkezpena. Proiektua garatzeko Alex Gessek lagundu die. Gesse AEBtako Baso eta Natura Terapia Programaren eta Giden Elkarteko Europako kordinatzailea da, eta Sentir el Bosque. La experiencia del Shinrin-Yoku liburua aurkeztuko du.
Liburuak baso bainuen hogei esperientzi jasotzen ditu. Bere berbetan, kontakizun horiek basoetatik txangoak egitean senti daitezkeen sentipenak “oso ondo” azaltzen ditu. Halaber, naturak sendatzeko duen ahalmenaz ere hitz egiten du.