Giro onean batu dira zesta topaketaren lehen jardunaldian
Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hamahiru zesta eskoletako ordezkariak batuko dira Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, bi asteburuz.
Harrobia zaindu eta egiten duena erakusteari garrantzia berezia ematen diote zesta eskolek, eta horren adibide da Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian egiten duten zesta topaketa.
Atzo egin zuten lehen jardunaldia, gazte mailako puntistekin eta hurrengo asteburuan (ekainak 22 eta 23) alebin eta txiki mailakoen txanda izango da. Etxekoekin batera, Bidart, Zumaia, Hondarribia, Beotibar, Donostia, Mutriku, Gasteiz, Noain, Cabanillas eta Berriozarreko zesta eskoletakoak batuko dira zestaren katedral handian.
Ume eta gazteak “elkar ezagutzeko, partidak jokatzeko eta pelota modalitate honek etorkizuna baduela erakusteko” helburuak ditu topaketak.