Ana Otadui aukeratu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente
Azken lau urteotan egon den karguan jarraituko du hautetsi jeltzaleak. Historian lehenengoz emakume hautetsiak dira gehiengoa.
Maiatzaren 26ko foru hauteskundeen ostean, gaur osatu dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Bizkaiko Batzar Nagusien XI. Agintaldi honetan, 51 batzarkide daude, 26 emakume eta 25 gizon; historian lehenengoz emakumeak dira gehiengoa. Batzarretan jarlekua lehen aldiz hartuko duten 21 izen berri daude.
Euzko Abertzaleak taldea ordezkarien gehiengo osotik oso gertu dago, 25 batzarkidegaz. EH Bildu da bigarren taldea, 10 batzarkidegaz, eta bere ostean Euskal Sozialistak (8), Podemos Bizkaia (6) eta Alderdi Popularra daude. Alderdi Popularrak ez du taldea eratzeko behar besteko ordezkaririk lortu, eta beraz, bere ordezkari biak Talde Mistoan sartuko dira.
Azken lau urteotan modura, Ana Otadui jeltzalea izango da datozen lau urteotan ere bertako presidentea. Gehiengo osoa lortu du bozketan; aldeko 32 boto eta 18 zuri eskuratu ditu lehen bozkaketan. Begoña Gil sozialista da lehen presidenteordea, eta EH Bilduko Zigor Isuskiza bigarren presidenteordea. Koldo Mediavilla jeltzalea da mahaiko lehen idazkaria eta Podemoseko Emilio Lobato bigarren idazkaria.
Egun zoriontsua dela adierazi du Otaduik eta beragan jarritako konfiantza eskertu du. Haren berbetan, bizkaitar zein batzarkide guztien presidentea izatea da bere helburua. “Arduraz eta erantzukizun handiz hartzen dut gaurkoan kargua. Ahaleginik handiena egingo dut berbearen etxea den Parlamentu honetan politikaren adierazpenik nagusiena eman dadin: akordioa eta desberdinen arteko adostasuna. Hori da herritarrek politikagintzari eskatzen diotena. Guztiok gara eskaera horren zordun: eztabaida antzuen tentazioa baztertu eta herritarren mesederako akordioak ehun ditzagun”, adierazi du.
Batzarreko araudiak agintzen duen legez, bere berbaldiaren amaieran Batzar Nagusiak osatutzat jo ditu, eta horrela jakinarazi dio Unai Rementeria Jarduneko Ahaldun Nagusiari. Jarraian, Osoko Bilkura berria deitu du, ordubete beranduagorako, Bateraezintasunen Behin Behineko Batzordeko kideak izendatzeko xede bakarragaz. Batzorde horretako kideak aukeratu ostean, presidenteak ekainaren 27rako (eguena) deitu du Bateraezintasunen osoko bilkura. Bateraezintasunen Batzordeko Mahai hori hauek osatu dute: Jon Andoni Atutxak (Presidentea), Arantza Urkaregik (Presidenteordea) eta Ekain Ricok (Idazkaria).