2.500 euro lortu dituzte kirol egokituaren aldeko elkartasun jaian
Lehenengoz egin dute jaia Gernika-Lumon, eta antolatzaileen berbetan, "arrakastatsua" izan da.
Kirol egokituaren eta denentzako kirolaren aldeko elkartasun jaialdiak jendez bete zuen Gernika-Lumoko Industria Kalea atzo goizetik bazkalordura arte.
Goizean lehen ordutik jendearen joan-etorria etengabekoa izan zen, eta ilara luzeak osatu ziren ilea edo bizarra mozteko. “Lehen urtea izateko oso oso ondo atera da dena, oso pozik gaude. 11etan hasteko ordua jarri genuen, eta 10etatik jendea ilaran itxaroten egon zen”, adierazi du Sorkun Ordorikak. Gernika-Lumoko hiru profesionalekin batera, Bilbotik, Donostiatik, Iruñeatik, Etxarri Aranatzetik, Santanderretik, Errioxatik eta Salamancatik etorritakoak aritu ziren musutruk lanean.
Hogei bizargin eta hiru ile-apaintzaile etenik barik lanean aritu ziren: “Ikaragarria izan zen. 14:45ean utzi genion jende hartzeari; badakigu jarraituz gero, jendea prest zegoela ilea mozteko, baina muga bat jarri behar genuen”. Hain zuzen ere, datorren urtean errepikatzeko gogotsu daude eta asmoa goizez eta arratsaldez egitea dela zehaztu du Ordorikak. “Lehen urtea izan da, baina udalak uzten badigu jarraitzeko asmoa daukagu, eta ahal bada txanda bitan arituko gara. Haszten elkartekoak ere harrituta geratu dira; esan digute hau ez zaiela inoiz gertatu. Beste hainbat gauza ere egiten dituzte, baina Gernikan pasatu dena ikaragarria dela esan digute”.
Sorkun ileapaindegiak, Haszten elkarteak, Gernika-Lumoko Udalak, Mujeres Barberas elkarteak eta beste hainbeste talderen babesagaz bultzatutako jaia antolatzeko izan duten laguntza azpimarratu eta eskertu du Ordorikak. “Bizargin eta ile-apaintzaileez gain, bertoko komertzioek eta taldeek asko lagundu digute, esaterako, zozketatu genituen gauzetarako. Oso oso pozik gaude”.
Elkartasunari Xaiborrek eta Danbatan batukadak jarri zioten musika, eta gurpildun aulkietan kirola egiteko aukera ere eskaini zuten.