Urdaibai Eskubaloi Taldeak denboraldi amaierako jaia egingo du zapatuan
Antolatzaileek 450 pertsona inguru batzea espero dute, eta familia argazkia aterako dute Santa Katalina baselizan. Aurtengo berritasun nagusia pankarta tailerra izango da.
Urdaibai Eskubaloi Taldeak denboraldi amaierako jaialdia egingo du zapatuan [ekainaren 15a] Mundakako Santa Katalina baseliza aurreako zelaian. Euria eginez gero, Isla-Kale kiroldegian ospatuko dute eguna.
Jaiari hasiera Bermeotik Mundakara egingo duten mendi martxak emango dio. 09:00etan Lamera autobus geltokian batuko dira ibiltariak, eta Kurtxio, Sarren eta Demiku igaroko dituzte Santa Katalina baselizara heldu arte. Antolatzaileek azaldu dutenez, “mendi irteera orain dela zazpi urte hasi ginen antolatzen. Lehen, kotxez egiten zuten kideek ibilbidea, baina bi herriak oinez batu genitzakeela otu zitzaigun”.
450 pertsona inguru batzea espero dute antolatzaileek, eta familia argazkia aterako dute Santa Katalina baseliza aurrean. Hala, aurtengo berrikuntza nagusia 11:00etan egingo duten pankarta tailerra izango da. Txomin Atutxak zuzenduta, eskubaloi taldearen armarria margotuko dute. Ordu berean, ume zein nagusientzako jokoak egingo dituzte: lasterketak, trebetasun jolasak… Jarraian, zumba dantzatzeko aukera izango dute, Darinkak gidatuta, baita Santa Katalinako eskaileretan bainuak dohainik hartzeko tartetxoa ere.
15:00etan herri bazkaria egingo dute eta 17:00etan denboraldiko talde eta jokalari iraunkorrenak sarituko dituzte, besteak beste. Jarraian, arrantzadie: Zaborrak, tresnak etra tramankuluak bildu eta gordeko dituzte. 19:30ean eskubaloi taldearen laguntzaile diren tabernetatik egingo duten trikipoteoak emango dio bukaera aurtengo jaialdiari.
Urdaibai Eskubaoi Taldea. Talda 1998. urtean sortu zen, Mundakako eta Bermeoko eskubaloi taldeek bat egin zutenean. Gaur egun, 300 jokalari inguruk osatzen dute kluba. Denboraldi amaierako jaia betidanik ospatu izan dutela esan dute antolatzaileek, eta bertaratutakoek taldearen kamiseta berdea daramate beti soinean: “Eskubalia sentimendu bat da, eta hori da ospatu nahi duguna”.