Kirol egokitua ezagutaraziko duen elkartasun jaialdia egingo dute etzi
Denentzako kirola eta kirol egokitua ardatz dituen elkartasun jaialdia egingo dute etzi, Gernika-Lumoko Industria kalean. Dibertsitate funtzionala duten ume eta gazteen kirol errealitatea zein den ezagutaraziko dute.
Kirol egokituaren eta denentzako kirolaren aldeko elkartasun jaialdi batek hartuko du Gernika-Lumoko Industria kalea, etzi. Beste behin, udalerriko talde eta elkarte askok euren elkartasuna erakutsiko diete behar dutenei.
Sorkun ileapaindegiak, Haszten elkarteak, Gernika-Lumoko Udalak, Mujeres Barberas elkarteak eta beste hainbeste talderen babesagaz bultzatutako jaialdia da honakoa. Elkarlanean, denentzako kirolaren alde egingo dute, eta dibertsitate funtzionalen bat duten gazte zein umeen errealitatea ezagutaraziko dute.
Eurei laguntzeko asmoz bultzatu du elkartasun jaialdia Sorkun Ordorikak: “Sevillara eta beste hainbat lekutara joan naiz elkartasun jaialdietara, eta udalerrian ere jaialdi bat egitea pentsatu nuen. Familian arazoak dituen ume bat daukagu, eta berari laguntzeko asmoz Haszten elkarteagaz batu eta jaialdia bultzatu dugu”.
Dibertsitate funtzionala duten gazteak kirol desberdinetan parte hartzera animatzen ditu Haszten elkarteak. Aurrera pausoak ematen laguntzen die taldeak, kirol talde askok eskaintzen ez dieten aukera bat emanez; zailtasun asko izaten dituzte kirola praktikatzeko. “Gernika-Lumon Kosnoaga igeriketa taldean parte hartu dezakete, baina ez dago bestelako aukerarik”, dio Ordorikak.
Denetariko ekintzak. Bertaratzen diren herritarrei dibertsitate funtzionalen bat duten gazteen egoera zein den azalduko diete, eta euren egunerokoa ulertzeko ekintzak egingo dituzte. Kirol desberdinak praktikatuko dituzte; saskibaloia, futbola eta arrauna esaterako.
Goizetik hasiko dira ekintzak etzi. 11:30ak aldera, Elai-Alai dantza taldekoek aurreskua dantzatuko dute, eta Xaiborren ikuskizuna egongo da gero –ez dela eszenatokirik egongo zehaztu dute antolatzaileek–. Horrez gain, Danbatan batukadak kalea girotuko du, eta ile eta bizar mozketa solidarioak egongo dira. Bertaratzen denak, gutxieneko bost euroko ekarpena egin beharko du ilea mozteagatik.
Elkartasun zozketa ere egongo da, eta herritarrengatik jasotako laguntza eskertu du Ordorikak. Elkatasun hori ikusita, hurrengo urteetan jaialdia antolatzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.