Jabi Amorrortu martxa zikloturista egingo dute zapatuan
Parte hartu nahi duen orok izena eman dezake barikuan [ekainaren 14a] eta proabren egunean [ekainaren 15a], Pasealekuan. Hiru ibilbide prestatu dituzte Aixerrotape Txirrindulari Taldeko kideek, eta luzeena aukeratzen duenak Oiz mendia igo beharko du.
Txirrindularitza zaleek bizikletaz gozatzeko hitzordu berezia dute asteburuan. Izan ere, Aixerrotape Txirrindulari Taldeak Jabi Amorrortu martxa zikloturista antolatuko du zapatuan [ekainaren 15a]. Gernika-Lumok0 Pasealekuan hasi eta bukatuko da, eta hamargarren urteurrena ospatzeko hiru ibilbide prestatu dituzte. Hala, parte hartzaileek beraien indarren arabera bata edo bestea osatzeko aukera izango dute. Aurtengo berrikuntza nagusia Oiz mendiko kronoigoera izango da.
Ekaina baino lehen izena eman dutenek maillot bat jaso dute oparitan; gainerakoek, kamiseta bat. Jadanik 250 pertsona batu dira martxara, baina oraindik ere interesatu orok badu aukera parte hartzeko, Rock the sport plataforma bidez. Horrez gain, barikuan [ekainaren 14a], 18:30etik 20:30era, Pasealekuan bertan eman daiteke izena, baita probaren egunean ere, 06:45etik 07:45era. Adingabekoek gurasoen baimena aurkeztu beharko dute izena ematerakoan.
Martxaren ostean, antolatzaileek babesleek oparitutako kirol materialaren zozketa egingo dute, besteak beste, Basati Bike taldeak emandakoa. Horrez gain, Pello Bilbao txirrindularia bertan egotea espero dute Aixerrotape taldekoek.
Ibilbidea. Hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute parte hartzaileek. Laburrak 120 kilometro ditu, tartekoak 128 kilometro, eta luzeak 156 kilometro. Pasealekutik hasiko dute martxa 08:00etan, eta Bizkaiko kostaldeko leku adierazgarrienak zeharkatuko dituzte. Besteak beste, Bakio, Bermeo edota Lekeitio igaroko dituzte parte hartzaile guztiek. “Behin Munitibarrera heltzerakoan, ibilbidie laburra aukeratu nahi duenak zuzenean hartuko du Gernikarako bidea. Tartekoak, aldiz, Bizkaiko Balkoira igoko dira. Luzea egin nahi dutenek, azkenik, Oiz mendian kronoigoera egin beharko dute, Durangora jaitsi, Muniketa gaina igo ostean Gernikara helduz”. Txirrindularien adinari dagokioneez, antolatzaileek azaldu dute gaztetxoak zein 60 urtetik gorakoak batuko direla, adin guztietako parte hartzaileak egongo direla, eta horregatik erabaki dutela zailtasun ezberdinetako hiru ibilbide prestatzea.
Gaztelugatxe inguruan eta Oiz mendian txirrindulariek edaria hartzeko puntu berezia izango dute; Gernika-Lumon eta Aulestin jatekoa eta edatekoa hartu ahal izango dute.
Etorkizuneko erronka. Iazko Espainiako Itzulian Oiz mendira egindako igoerak izan zuen arrakasta ikusita, Aixerrotape taldeko kideek Jabi Amorrortu martxa zikloturista handitzeko aukera ikusi zuten. “Gure inguruko jendeaz gain, kanpokoak ere anima daitezen nahi dugu, eta Oizera egingo dugun igoera hau erakargarria izan daiteke zentzu horretan. Etorkizunean 600 parte hartzaile bilztea da gure nahia”.