Morgako baselizetatik ibilaldia egingo dute domekan
Parte hartzaile kopurua mugatua izango da, gehienez 400 pertsonakoa. Bihar da internet bidez izena emateko azken eguna, baina egunean bertan ere izena eman daitekeela aitortu dute arduradunek, "betiere lekurik balego".
Hamargarren urtez, udalerriko baselizetatik ibilaldia egingo dute, domekan. Parte hartu gura dutenek, bi ibilaldi izango dituzte aukeran: laburra eta luzea.
Ibilbide luzea 23,4 kilometrokoa izango da, eta hori egitearen erabakia hartzen dutenek 08:30ean egon beharko dute Andra Marin. Honakoa izango da egingo duten bidea: Andra Mari – Talleri – Bizkargi – Eskerika – Gerekiz – Erroteta – Meakaur – Meaka – Altamira – Ganbe – Okoriko – Andra Mari.
Ibilbide laburrekoek, aldiz, 13,5 kilometro izango dituzte egiteke, eta 10:00etan aterako dira Andra Maritik. Ordu horretan abiatzen direnek Andra Maritik atera eta bueltatu bitartean, Talleri, Eskerika, Gerekiz, Erroteta, Meakaur, Meaka, eta Oñarte igaroko dituzte, berriro Andra Marin bukatzeko.
Ibilaldi laburrekoek lau baseliza ezagutzeko aukera izango dute: Kurtziperioa, San Bixenti, Andra Mari, San Esteban. Luzekoek, berriz, zortzi ikusiko dituzte; aipatu lau horiez gain, beste lau ere bisitatuko dituzte: Santa Kurtze, San Migel, Santo Tomas eta San Joan.
Hamaiketakoa, bukaeran
Ibilbide bateko zein bestekoek Meakaurren anoa postua izango dutela jakitera eman dute antolatzaileek, eta ibilaldiaren amaieran, aldiz, hamaiketakoan batuko direla adierazi dute. Gainera, Andra Marin, kamiseta bana jasoko dute parte hartzaileek ibilaldia bukatu ostean.
Domekan Morgako baselizak ezagutuko dituzten partehartzaileen kopurua mugatua izango da, gehienez 400 onartuko dituzte-eta. Bihar da internet bidez izena emateko azken eguna, eta hori, Morgako Udaleko webgunean egin daiteke. Halaber, domekan bertan ere izena emateko aukera egongo dela jakinarazi dute arduradunek, betiere “lekurik balego”.
Antolatzaileek, gainera, eguraldiagatik edota bestelako arazoren batengatik ibilbidean aldaketak egiteko aukera izango dutela argitu dute.