Lurgorriko aparkalekuan egingo dute Duatloi Txikia, zapatuan
Ikasleek parte hartu nahia izanez gero, astean zehar beraien eskoletan eman dezakete izena. Proba 16:00etan hasiko da zapatuan, eta antolatzaileek esan dutenez, ibilbideak ez du eraginik izango trafikoan.
Herriko eta inguruko gaztetxoek, aurten ere, Gernika-Lumoko Duatloi Txikian parte hartzeko aukera izango dute zapatuan [ekainaren 15a]. Atletismoa eta txirrindularitza uztartzen dituen kirol proba Lurgorriko aparkalekura lekualdatu dute aurten.
Gernikako Atletismo Taldeak antolatutako eta Gernika-Lumoko Udaleko Kirol Patronatuak babestutako lasterketa da. 16:00etan hasiko dute aurrebenjabin mailako neska-mutilek, eta 18:00ak bitartean benjabinak, alebinak eta haur mailakoak lehiatuko dira. Iaz bezala, 200 parte hartzaile inguruk parte hartzea espero dute, eta txanda bakoitzean hamar ume arituko dira gehienez. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, haur bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu.
Izen ematea. Atletismo taldeko kideek Gernika-Lumoko ikastolei eta ikastetxeei lasterketaren nondik norakoak jakinarazi dizkiete eta parte hartzera animatu dituzte. Hala, ikasleek duatloi txikian parte hartu nahia izanez gero, astean zehar beraien ikastetxeetan izena eman behar dute. Halaber, zapatuan bertan ere, Lurgorriko aparkalekura hurbilduta izena eman ahalko dute.
Distantziak. Atletismoa eta txirrindularitza uztartu beharko dituzte haurrek lasterketan. Maila bakoitzean distantzia jakin bat burutu beharko dute. Aurrebenjaminek 328 metro egin beharko dituzte lehenik korrika, 452 metro bizikletan, eta beste 328 berriz ere lasterka. Benjaminek, aldiz, 452-452-328 metro modalitate bakoitzean, eta alebinek 452-780-452 metro. Azkenik, haur mailakoek 520-780-520 metro egin beharko dituzte.
Lurgorriko aparkalekua. Orain dela bi urtera arte herri erdigunean egin izan dute kirol proba, baina iaz Mertzede Ikastetxe inguruetara aldatu zuten.
Iazko azaroan mila herrikoiak Lurgorrin eduki zuen harrera kontuan hartuta, eta trafiko arazorik egon ez zela ikusita, duatloi txikia ere bertako aparkalekura lekualdatzea erabaki dute. Izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez, “ibilbide itxia denez, lasterketak ez dio trafikoari eragiten, eta segurtasuna ere lehen baino gehiago bermatzen da”. Ikusleek proba erosoago ikusteko aukera izango dutela ere gaineratu dute.