Gernika-Lumoko dendek euren saltokiak eraberritzeko laguntzak jaso ahalko dituzte
Merkatariek euren lokaletan burutuko dituzten hobekuntzak finantzatu gura ditu Eusko Jaurlaritzak. Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago dagoenerako, eta laguntzak eskatzeko azken eguna ekainaren 30a da.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emango ditu saltokiak eraberritzeko laguntzak. Izan ere, merkatariek euren lokaletan burutuko dituzten hobekuntzak finantzatu gura ditu.
Eusko Jaurlaritzak abian jarritako programa horrek itzuli beharko ez den diru-laguntza emango du, betiere saltokiak eraberritzeko edota altzariak erosteko 4000 euroko gutxieneko inbertsioa egiten bada. Informatika tresneria erosteko, edota merkataritza kudeaketarako programak erosteko kasuan, berriz, 900 eurokoa da egin beharreko gutxieneko inbertsioa.
Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikoak jakinarazi duenez, denda eta komertzioei Eusko Jaurlaritzak emango dizkien laguntzak eskatzeko epea zabalik dago dagoenerako, eta laguntzak eskatzeko azken eguna ekainaren 30a da.
Informazio gehiago gura izanez gero, Merkataritzarako Bulego Teknikoaren webgunean aurki daiteke: gatc@gernika-lumo.net. Hurrengo telefono zenbakira deituta ere eskuratu daiteke informazioa: 94 625 79 40.