Enplegua sortu eta kontratazioa bultzatzeko 288.262 euro jaso dituzte eskualdeko enplegu planek
Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak zentroak, Bermeoko Behargintzak eta eskualdeko zenbait udalek eskualdeko ekonomikoa hobetzeko eta enplegua suspertzeko lan ildoak landu dituzte.
Busturialdeko garapen ekonomikoa hobetzeko eta enplegua suspertzeko lan ildoak jorratu dituzte Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak zentroak, Bermeoko Behargintzak eta eskualdeko zenbait udalek. Hala, Eskualdeko Enplegu Planaren barruan 288.262,29 euro bideratu dituzte proiektu berrien garapena suspertzeko eta kontratazioa bultzatzeko.
Lau dira gaur egun enplegu sustapenean bultzatuko dituzten proiektuak: Egurre, Formakuntza Ikerketa, Ibili Ibilianeta eta Urdaibai Silver. Egurgintza suspertzea bilatzen du Egurrek, eta formakuntzarako beharrizanak eta baliabideak aztertzen ditu bigarren proiektuak. Ibili Ibilianetak, berriz, ibilbide turistikoak hobetzea eta egokitzea du helburu. Eta Urdaibai Silverrek, bere partetik, 50 urte baino gehiagoko biztanleen beharrizanei erantzuna eman eta euren inguruan sortzen diren negozio aukera berriei bide ematea lortu gura du. Proiektu horiek bultzatzeko, Enplegu Planeko 288.262,29 euroetatik 162.500 euro erabiliko dituzte.
Kontratazioa bultzatzeko lana. Proiektu berrien garapena bultzatzeaz gain, enplegua suspertzea bilatzen dute Lanbide Ekimenak zentroak, Bermeoko Behargintzak eta eskualdeko zenbait udalek. Hala, 125.762,29 euroko aurrekontua bideratuko dute langile berrien kontrataziorako; Busturialdeko enpresei laguntzeko modua ere bada.
Urrian irekiko da deialdia, eta interesatuek Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak zentroan eman beharko dute izena; deialdi horretan 29 enpresa inguru inplikatu ahal izango direla zehaztu dute arduradunek.
Jon Lejarraga Lanbide Ekimenak zentroko presidentearen hitzetan, aukera “paregabea” da eskualdeko enpresek langile berriak kontratatzeko: “Laguntza hauen bitartez, enpresetako jabeek kualifikazio onak dituzten langileak kontratatu ahalko dituzte, aukera paregabea da”. Gainera, gaur egungo Busturialdeko langabezia tasa %10,2 murriztu dela gogorarazi du: “Datu baikorra izanda ere, maila hori jaisteko lanean jarraitu behar dugu, eta hau da jarraitu beharreko lan ildoa”.
Iazko Eskualdeko Enplegu Planerako 279.546 euroko aurrekontua erabili zen. Horietatik 175.000 euro lau proiektu bultzatzeko erabili ziren, eta beste 104.546 euroak, berriz, hemeretzi pertsonen kontratazioa bultzatzeko.