Kolorez betetako Maietz Pazkuak
Maietz Pazku jaiak ospatuko dituzte asteburuan Arratzun eta Sukarrietan. Pilota partiduak izango dira nagusi Arratzuko frontoian, eta 37. Sukalki Lehiaketa egingo dute kostako herrian.
Heldu dira herriak jendez eta giroz betetzen dituzten eta hain esperotakoak diren jai egunak. Maietz Pazkuak ospatuko dituzte asteburuan Arratzun eta Sukarrietan, eta oraingoan ere, kaleak eta plazak jendez beteko dituzte herritarrek. Hala, herri txikietan jai handiak ospatzen direla erakusteko, egitarau zabalak prestatu dituzte bi herrietan.
Urtero legez, eta ohiturari jarraituz, pregoia jaurtiz hasiko dituzte herriko jai nagusiak arratzuarrek. Aurten, Marije Montekoa izango da pregoia jaurtitzearen ardura hartuko duena bihar iluntzean. Gero, trikitilariek lagunduta buruhandiekin kalejira egingo dute, eta sartenekoa ere ez da faltako. Gauean, berriz, Puro Relajo nafar mariatxi taldea izango da gaua musikaz beteko duena.
Herri bazkaria. Zapatua izango dute egun handia arratzuarrek, goizetik hasita ondo pasatzeko hamaika aukera edukiko dituzte eta. Izan ere, umeeek pony gainean ibiltzeko aukera izango dute.
Bitartean, Arratzuko herriko plazan, herri kirolek hartuko dute protagonismo nagusia. Izan ere, Bizkaiko Lasto Jaurtiketako Txapelketa jokatuko dute. Aurrez aurre ariko dira Cid eta Iñaki Erleaga. Ordubete inguruko saioa izango dela aurreikusi dute antolatzaileek.
Herri kirolak bukatuta, bazkari herrikoian batuko dira Arratzuko eta inguruko bizilagunak; bazkarian egon nahi duenak herriko tabernan lor ditzake txartelak. Iaz jendetza batu zen, eta aurten ere herriko eta inguruko herritarrak animatu dituzte hurbiltzera. Bazkaria bukatuta, bingo herrikoia jokatuko dute parte hartzen dutenek.
Playback-a. Arratsaldean umeentzako puzgarriak egongo dira Arratzun, eta txokolate jana izango dute aukeran. Gauean, baina, barreak eta algarak entzungo dira plazan. Urtero egiten duten, eta hain ezaguna eta parte hartzailea den playback-a lehiatuko dute-eta. Hori izan ohi da, jaietan plaza kolorez betetzen due ekitaldia. Xaiborren disko festak emango dio jarraipena ikuskizunari.
Zapatuko festa atzean utzita, eskupilotak hartuko du herriko frontoia domekan. 11:00etan hasita, Arratzuko XVIII. Esku Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte gaztetxoek. Antolatzaileek zehaztu dutenez, hiru mailatan lehiatuko dira: benjamin, alebin eta infantil maialetan hain zuzen. Aurretik, baina, Arkupe pilota taldeko zazpi eta zortzi urteko gaztetxoek zenbait partidu jokatuko dituzte.
Eguerdian, berriz, Urdaibai Txapelketako eskupilotako finala lehiatuko dute 13:00etan hasita. Busturialdeko pilotarien eta Lea-Artibaikoen arteko erronka izango da. Hala, Aitor Etxebarria nabarniztarrak eta Unai Arrizabalaga gernikarrak Endika Uriondo gizaburuagarra eta Gontzal Uriona markiña-xemeindarra izango dituzte aurrez aurre. Lea-Artibaiko bikotea dela faboritoa dio Arrizabalagak, baina lehia berdindua izango dela uste du: “Etxean jokatzen dugun pilotariok dena ematera eta irabaztera aterako gara, baina partidu lehiatua izango da”.
Martitzenean agurtuko dituzte herriko festak. Herriko tabernan bazkaltzeko elkartu, eta Mamagigi´s taldearen ikuskizunagaz gozatu eta gero, txupina jaurtita hurrengo urtera arte agurtuko dituzte.
Sukarrietan festa gogoz. Arratzun legez, txupina jaurtita hasiko dira Maietz Pazku jaiak Sukarrietan. Musikak girotutako jaiak izango dira asteburukoak, kalez kale Sukarrietako Kantagunea ibiliko baita bazter guztietako txoko guztiak musikaz betetzeko prest; goizetik hasi eta eguerdira bitartean ariko dira. Zapatu arratsaldean, berriz, mus azkarreko txapelketa jokatuko dute, eta iluntzean txokolate inguruan batuko dira gazteak.
Domeka, berriz, egun seinalatua izango da. Tradizioari jarraiki, beste urte batez, 37. Sukalki Lehiaketa prestatu dute. 10:00etan hasiko da izena emateko epea, eta 13:30ean aurkeztu beharko dituzte sukaldatutakoak. Sari banaketa, berriz, 14:00etan egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sukalkian parte hartu gura dutenek barbakoa edo butanoa eraman beharko dute, debekatuta baitago inguruan sua egitea.
Prestaketa lanak egin bitartean, Mundakako Abesbatzeko kideak arduratuko dira plaza musikatzeaz.